Musikeneko ikasketak, Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Papargorri, Ertzak...eta orain beste egitasmo ilusionagarri bat du esku artean hemeretzi urteko aramaioarrak.
Azaldu zer den Ilun ta abar proiektua, Idoia.
Orain Donostian bizi naiz, eta azaroan aurkeztu nuen proiektu hau Kutxa Kultur-en bekarako. Euskal Herriko sei talderi ematen diete. Ni bakarlari moduan aurkeztu nintzen; hori bai, Arrasateko Maria Osesekin elkarlanean ari naiz kantu asko sortzen, bera idazlea da eta kantuak bion artean egiten ditugu. Beka eman zidaten, eta topera ari gara. Musika banda bat sortu dut beste hiru musikarirekin, Maria ari zait laguntzen letra batzuk sortzen, beste batzuk neuk egiten ditut... Kontzertuak bertan behera geratu zaizkigu, baina abuztuan disko bat grabatzeko asmoa dugu. Ezin dugu oraindik entseatu, baina telematikoki ari gara harremanetan bandarekin.
Bekarekin ze aukera duzue, zer dakar berarekin bekak?
Urte honetarako da, 2020rako: Tabakaleran lokal bat eman digute entseatzeko; kontzertuak lortzen dizkigute –Jazzaldian jo behar genuen uztailean, eta Aste Nagusian ere bai; dena bertan behera geratu da, baina espero dut itzuliko direla kontzertuak etorkizunean–; eta dirulaguntza eman digute, gure kasuan, diskoa grabatzeko.
Ze pena Jazzaldiarena eta Aste Nagusiarena...
Bai, baina behintzat atera diogu beste alde hori, konposatzen ari naiz topera eta kantuei forma ematen.
Eta nolako musika egiten duzue banda honekin?
Ez zait gustatzen estiloa definitzea eta esatea "bada, gara pop", adibidez; askotariko eraginak ditugu, eta topa dezakezu kantu bat poperoagoa, baina baita beste bat folk erakoa ere. Pop eta folk inguruan mugitzen garela esango nuke.
Julen Leturiondori laguntzen
Eibartarrak lehenengo abestia atera du aurreko astean –Que me corten la cabeza–, eta bertan aritu diren musikarien artean ere badago Idoia Asurmendi: "Konfinamenduan idatzi zidan pianoarekin parte hartu nahi nuen galdetuz. Baietz esan nion. Proiekzio handia duen mutila da, artista: gitarra eta pianoa kontrolatzen ditu, eta oso ondo abesten du".