Martxoaren 13an itxi zituen ateak Aramaioko eguneko zentroak, COVID-19aren osasun krisiagatik. "Hasieran pentsatzen genuen itxialdi denboran ekintza berriak prestatuko genituela, gimnasia taula berri bat, paperean ditugun ariketa liburuak digitalizatu, garbiketa orokor sakon bat egiteko aprobetxatu...", dio zentroko langile Karmele Barrutiak. Erabiltzaileei jarraipena egiteko asmoa ere bazen hor tartean, baina, azkenean, horixe bihurtu da zeregin nagusi eta denbora gehien eskatu diena.
Jarraipena modu desberdinetakoa ari da izaten denbora honetan zehar: "Konfinamendu gogorrena izan dugun denboran, telefono bidezkoa izan da, batez ere: euren egoeragatik arduratu; euren arteko lotura lanak egin –besteen berri emanaz, elkarren berri ez zeukaten-eta–; animoak eman eta garai hobeak etorriko direnaren ilusioa transmititu –zeren, denbora denean ziren kutsatuen eta hildakoen berriak, eta batzuei asko eragin die–".
Horrekin batera, hainbat material prestatu dizkiete, etxean egon beharreko ordu luzeetarako: "Fitxak, kognitiboki ondo mantentzeko: kalkulua, lengoaia, arreta... zentroan egin ohi dituztenak. Euren gaitasun kognitiboak mantentzeko, eta baita egunero denboraren zati bat okupatuta izateko ere". Puzzleak, ariketak egiteko tabletak eta bestelako jokoak ere jarri dituzte erabiltzaileen eskura, prebentzio neurri guztiak hartuz astean behin familiekin hitzordua eginda, aipatutakoak helarazteko.
Konfinamendu gogorrenean ere batzuentzat egoera besteentzat baino eramanerrazagoa izan den arren –aldea egon da auzoetan bizi edo pisuan–, denentzat doa orain arintzen poliki-poliki. Horrela, telefono bidezko jarraipenarekin segitzeaz gain, bisitekin ere hasi ziren: baserrietara joaten, aurrena –errazagoa delako, etxe aurrean egoteko aukerarekin, beharrezko neurriak hartuta–, elkar ikusteko eta berriketa apur bat egiteko; geroago, eta behin kalera irten ahal izanda, Ibarran bizi direnekin ere hasi ziren aurrez aurreko hartu-emana izaten.
Dena dela, egoera lehengora noiz itzuli ahalko den arrastorik ere ez daukate eguneko zentrokoek, estimaziorik ere ez dago: "Kolektibo zaurgarriena denez... Ni deseatzen nago zabaltzeko, eta uste dut batzuei mesede egingo diela, zeren, batzuentzat oso gogorra izaten ari da". Hala ere, eta adinekoen egoerak beherakada izateko arriskua egon arren, hasiera batean, "espero baino hobeto" topatu dituztela dio Karmele Barrutiak.
Edurne Arana, baikor eta umoretsu
Edurne Arana da Aramaioko eguneko zentroak dituen zortzi erabiltzaileetako bat. 88 urte ditu, eta, GOIENAren deia jaso eta zer moduz dagoen galdetuta, hauxe da bere erantzuna: "Hobeto ezin, eguzki-eguzkitan hemen nago, kolorea hartzen!". Aramaio herri txikia izanda, aspalditxoan, nahi dutenean atera daitezke kalera, lasai, gainera –"inor ikusi gabe pasa daiteke urtebete"–, baina lehenago izan da bertan ere konfinamendu egoera zorrotza. Eta berak nola eraman duen? "Etxeko terrazan, paseoan. Hamabi bat metroko terraza daukat, eta paseatzeko ederto! Okerren egon dena ni moduan egon bada, ez da gaizki egon!". Horrez gain, eguneko zentrotik bidalitako lanak ere izan ditu egiteko. Umorez dio: "Larregi jarri dizkigute, egin gabe ere bueltatu ditut, ez dakit umeei hainbeste etxeko lan jarriko ote dizkieten".
Ramon Altuna, itzultzeko gogoz
Han ondo zaintzen dituztela eta, Edurne Aranak bezala, Ramon Altunak –78 urtekoa– ere badu gogoa eguneko zentrora itzultzeko. Altunari kirolak egin dio eramanerrazagoa konfinamendua; bizikleta estatikoa du garajean –kalean bizi da bera ere–, eta hantxe ibili da egunero: "Egunean ordubetez, ordu erdi goizean eta ordu erdi arratsaldean. Bestela, zoratu egin daiteke etxean egun osoan. Telebistarekin ere nekatu egiten da, beti gauza berarekin". Eguneko zentroko lanek kendu diote Altunari ere denboraren beste zati on bat, pare bat ordu egunero: "13:30etik 15:30era. Telebista ikusten baino hobeto!". Tokatzen denean, eguneko zentrora pozik itzuliko da: "Bada ordua han lanari ekiteko". Dio hasi dela beste erabiltzaile batzuk kalean ikusten, baina auzoetan bizi direnak ere faltan igartzen ditu.