Gaur egun, lasaiago, baina kontsulta askoko egunak pasa ditu medikuak.
Zer moduz, Aitor?
[Barre] Zer moduz? Ea, bada: estresatuta eta apur bat... Guztiz aldatu da lan egiteko era eta antolakuntza, eta ez da erraza. Koronabirusa dela-eta, askoz hobeto; martxo erdi aldera kristorena izan zen, kasu susmagarri asko, arnas bideetako sintomak, jendea eztularekin, sukarrarekin... Konfinamendua hasi zenetik, hobeto. Hasieran, batbatean, gorakada handia egon zen; gero, hogei kasu inguru susmagarriak; hurrengo astean, sei-zazpi; gero, bi; eta harrezkero, zero. Eta, zentzu horretan, oso ondo. Jarraitzen dugu testak eta probak egiten, susmoa dagoenean, eta denak dira negatiboak. Astiro-astiro, baina beherantz doa.
Testak bertan egiten dituzue?
Ez. Hemen ez dugu hainbeste baliabide. Pentsa behar duzu arriskua dela pazienteek koronabirusa hartzea, edo baita ere langileok. Beraz, egin behar dena da zentralizatu. Non zentralizatu da, batez ere? Arrasaten. Duzu leku bat horretarako egokitu dena, eta, horrela, murrizten duzu asko pazienteen arriskua, han egoten direlako, bakarrik, testa egitera doazenak, ez beste pazienteak. Arriskua asko murrizten da horrela.
Baina hasierako jende-olde horri buruz zeniharduenean, Aramaioko kontsultari buruz zeniharduen, ezta?
Bai. Itzela izan zen. Orduan ez genuen ia-ia testak egiteko aukerarik, eta jendeari esan zitzaion etxean egoteko. Askotarikoak ziren sintomak: batzuk sukarrarekin, beste batzuk eztularekin; batzuk ondo, beste batzuk okerrago... baina denak osatu ziren. Nik dakidala, lau testek eman zuten positibo; gehiago egin dira, baina negatibo eman dute, eta, zentzu horretan, ondo. Eta positibo eman zutenak, osatu dira. Emaitzak oso onak izan dira hemen; agian, herri txikia delako.
Zenbat test egingo ziren Aramaion?
Ez ditut zenbatu. Baina lau positiboez gain, izango dira beste hamar bat.
Ezjakintasunak, beldurrak... ere eramango zuen jendea kontsultara, nolabaiteko hipokondriarekin edo...
Apur bat bai, baina ez pentsa. Jendea zentzuduna da; ez datoz kontsultara sukarrik ez badago, telefonoz deitzen dute. Hasieran ez zen hainbesterako; orain, agian, badago kezka hori, eta jendea ikaratu egiten da; adibidez, albisteetan agertu da berriki Aramaion positibo bat egon dela, eta jendea WhatsAppez eta telefonoz, arduratuta eta kezkatuta: "Zer gertatu da, itzuli egin da koronabirusa Aramaiora?". Beno, positiboa da, baina adierazten duena antigorputzak garatu dituela; duela hilabete pasatutako koronabirus bat. Etorriko da berriro? Bada, baliteke. Jendea lanera itzuli da, Gasteiza, Arrasatera... ere bai; jendea gero eta gehiago egongo da kalean, eta pentsatzekoa da tarteka harrapatuko duela baten batek. Gainean egon behar dugu. Baina, esandakoa, jendea zentzuduna da, eta sukarra duenean edo klinika susmagarria denean, abisatzen gaitu.
Lehenengo erantzunean estresa aipatu didazu. Zuen lanean nola eragin du krisi honek?
Aramaio, kontsulta aldetik, beti izan da oso leku lasaia. Baina, oraingoan, izan ditugu egun batean 30etik gora telefono dei eta kontsulta; hori oso arraroa da; neguan, tira, baina udaberrian, oso ezohikoa da. Telefono bidezko kontsultak, gainera, askoz zailagoak dira; zeren, ea nola azaltzen dizun paziente batek telefono bidez zer gertatzen zaion; zailagoa da, denbora gehiago eskatzen du, jendeak kontrakoa pentsa dezakeen arren.
Gainerako patologiei dagokienez, igarri da jendeak ez duela hain erraz jo kontsultara? Esanaz: "Hau pasatzen denean joango naiz, joatekotan"; larritasun gutxiko kasuetan, behintzat.
Bai. Jendea zentzuduna da, eta itxaron badezake, ez du presarik.
Zuzena da, beraz, jarrera hori, beti ere, osasuna arriskuan jartzen ez bada.
Hori da. Eta koronabirusa kontrolatzen ari bagara edo kontrolatuko badugu, ez da tratamendurik daukagulako, edo txertoa dugulako; jendeagatik da, jendea etxean geratu delako, halako neurriak hartu direlako eta jendeak erantzukizuna erakutsi duelako, eta zentzua.
Aramaion positibo bakarra zegoenean, irratian esan zenuen hogei inguru izan zitezkeela herrian, hark izandako harremanak-eta kontuan izanda...
Baina gero, zalantza. Zeren, lau positibo konfirmatu dira; baina baziren beste batzuk oso susmagarriak eta guk ziurtzat jotzen genituenak positibo, eta negatibo eman dute. Harritzekoak dira azken ikerketak: Hospital Clinic-en, Bartzelonan, osasun langileen arteko prebalentzia oso baxua izan da, %11,2, oso leku gogor batean, non osasun langileak birusaren ondoan ari diren, elkarbizitzen. Beraz, ez dakit, izan zitezkeen gehiago, edo agian ez.
Etorkizunera begira, adi jarraitu beharko dugu...
Bai. Eta erantzukizun kolektiboa da. Jendeak har ditzala neurriak. Zergatik ez joan lagun batekin taberna batera kafe bat hartzera? Bada, bai. Baina ikusiz gero jende pila bat dagoela, aldamenekora joan. Eskuak garbitu, behin eta berriro. Eta leku itxi eta estuetan, musukoa jantzi.