Abesbatzako zuzendaria, egoera dela-eta, goibel zegoen une batean sortutakoa da talde bizkaitarraren kantu ezagunarekin bideoa egiteko ideia, baina ez berari, berarekin batera Papargorriren ardura daroaten beste kideei baizik, Arriolabengoak aitortzen duenez: "Kontaktuan nengoen Maria Izagarekin eta Idoia Asurmendirekin, eta, izugarriak direnez... Nik komentatzen nien ez nekiela nola planteatu abesbatzako entseguak; proiektu pila bat genituen, bertan behera geratu dira denak, eta pixka bat galduta nenbilela. Eta eurek esan zidaten: 'Abesti bat egingo dugu, zu lasai'. Ni lasai, eta egin dute gauza zoragarri hau", dio esker onez.
Azken finean talde lana izan arren, azken emaitza abesbatzako kideek bakarka egindakoaren batura izan da, ezinbestean: "Idoiak grabatu zituen abestiaren base ezberdinak, bera eta Mariaren artean sortutakoak. Ahots horiek banatu egin nituen nik umeen artean; pista errazenak, txikienentzat. Ume bakoitzak bere pista grabatu du, eta oso-oso ondo funtzionatu du". Taldeko beste kide batek, Miren Aretxagak, egin ditu gero ahots eta irudi denak elkartzeko lanak, bideo muntaketa –Goienaren Aramaioko web orrian ikus daiteke–.
Ideia izanda, lantxoa egiteko Zea Maysen Negua joan da ta kantua aukeratu izana ez da kasualitatea izan: "Gure konbertsazioak horren inguruan ziren: 'Hau bukatuko otea da...'. Eta Zea Maysen abestia izan zitekeela otu zitzaigunean, argi ikusi genuen: 'Bai, negua bukatuko da eta etorriko dira momentu hobeak, eta... Eta, gero, egia da abestia oso ezaguna dela, eta txikientzako gauzak erraztu egin ditu horrek, ezin diezulako, bestela, kantu berri bat erakutsi horrela, audio batekin, izan behar du zerbait eurentzako ezaguna dena. Eta izugarri ondo egin dute".
Taldekideen laguntzarekin, beraz, horra, zuzendariaren aldartea goxatzen lagundu duen ekimena: "Papargorrik duen gauza positiboena hori da, familia bat garela eta, momentu askotan, denon artean gauzak ateratzen ditugula".
Musika eskolak
Herriko musika irakaslea ere bada Larraitz Arriolabengoa. Musika eskolak egiteko ere nola-hala moldatu behar izan du egoera berezi honetan: "Badut blog bat aspaldian geldi nuena –anbotokodoinuak.blogspot.com–, eta orain hura erabiltzen dut eskolak emateko, elikatzen hasi naiz eta...".