Nuria Fernandez de Arroiabe: "Ezin dugu beldurrean jausi"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 6a, 10:46
Nuria Fernandez de Arroiabe, etxean duen lanerako gelan.

Nuria Fernandez de Arroiabek (Aramaio-53 urte) ez du diagnostiko irmorik, ez diotelako probarik egin, baina hainbat sintoma izan ditu eta itxialdia egitea erabaki zuen. Hamasei egun egin ditu lan egiteko etxean duen gelan sartuta.

 Martxoaren 13an hasi zen Fernandez de Arroiabe gaizki sentitzen: "eztula xelebre batzuk eta sukarra sumatu nituen. Hurrengo egunean sukarra handiagoa, buruko min handia eta arnas bideak itxita moduan neuzkan. Arnasteko arazorik ez, baina itxita moduan". Tripetatik eskas ibili zela ere gogoan du eta batez ere azken fasean dastamena eta usaimena guztiz galduta izan dituela dio. "Ahalegindu nintzen Osakidetzako telefonora deitzen, baina, azkenean, Aramaioko medikuarekin kontaktatu nuen. Baja eman, eta etxean gelditzeko esan zigun niri eta gizonari".

Irakurtzen, pelikulak ikusten eta Aretxabaletako abesbatzak dituen urteurren ospakizunetarako egitasmoak prestatzen aritu da. Zorteko dela dio. Baserri etxe batean bizi dira eta etxetik egiten du lan. Etxeko lan gelan egin du konfinamendua. "Normaltasun batera itzuli gara. Senda-agiria ere badugu, baina gero dekretua sartu zen indarrean", azaltzen du.

Baikorra izatea garrantzitsua da

"Nahiz eta isolamendua egin dudan, etxekoak kutsatzeak ez ninduen askorik kezkatzen, eta beldurrik ez dut pasa. Egia da sintoma arinak izan ditudala, baina uste dut norbera baikorra izatea oso garrantzitsua dela. Gomendatuko nuke beldurrean ez jausteko; izan ere, beldurrak berak jaisten ditu defentsak. Azkenean, gorputza kimikoa da eta beldurrak berak kalte egiten digu. Ahalegindu behar dugu gorputzak duen sendatzeko gaitasunean sinisten, eta pentsatu behar dugu aurrera egingo dugula. Egoera gogorrak daude: egunero ikusten ditugun hildakoen kopuruak, ospitaleetan arnasa ezin harturik daudenak... Baina egoera guztiak ez dira hain larriak, eta osasungintzako jendea sekulako lana egiten ari da. Hori hartuko dugu kontuan".

Gasteizen bizi diren gurasoak ditu bereziki gogoan. "Ondo daude, zorionez", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak