Xementerio, bizi-bizi berriro

Julen Iriondo 2020ko ots. 24a, 10:03

Taldeko abeslari izandako Iban Elejalderen omenez 2016 urtean kontzertua egiteko berriro elkartu eta gero –azkenekotik bederatzi urtera–, martxan jarraitzea erabaki zuten 80-90 hamarkadetako herriko punk talde ezaguneko kideek; eta horretan dira.

Lagun baten galerak batu zituen berriro; eta oroitzapenetatik bizi baino, oholtzako zirrara sentitzen jarraitzea nahiago zutela pentsatu bide zuten, 2016ko uztaileko gau hartatik aurrera ere talde gisa jarraitzen dute-eta Xementeriokoek: entseatu eta kontzertuak eman, egurra!

80ko hamarkadako azken urteetan mamitu zen Xementerio, beste talde batzuetan ziharduten musikariak elkartuta; Gorka Arias –ahotsa–, Pitxi Alonso –baxua–, Jose Antonio Guerrero –bateria–, Iban Elejalde –ahotsa– eta Mikel Alonso –gitarra– ziren hasierako kideak [ikus argazki txikia, ezkerretik eskuinera]: "Hasieran, Iban eta Gorka abeslariak ziren, baina gero gitarra jotzen hasi zen Gorka; geroago, Ibanek utzi egin zuen taldea, eta Ruben Arriolabengoa hasi zen abeslari modura. Hortik aurrera, 1997an Mexikora joan nintzen ni, eta jotzeari utzi genion. Bueltan, zoritxarrez, Iban hil egin zen 2006an"; hori litzateke Xementerioren lehen aldiaren nondik norakoen kontakizuna, taldean hasieratik diharduen Jose Antonio Guerrero bateria jolearen ahotan.

Eta esan daiteke, orduan –zoritxar haren ondorioz–, 2006 hartan, hasi zela dena berriro; edo handik hamar urtera, nahi bada. Elejalderen heriotzaren urteurrenerako haren omenezko kontzertua prestatu zuten lagunek, ordurako batu zen, berriro, Xementerio. Beste zortzi urte igaro ziren, ordea, berriz ere elkartzerako; zortzi urte, berriz elkartzeko, urtebete geroago eta taldeko abeslari izandakoaren heriotzaren hamargarren urteurrenagatik egitea pentsatu zuten omenaldirako prestatzeko. 2015ean entseguekin hasi, eta 2016ko uztailean –herriko jaien barruan–, kontzertua! Eta teorian hor amaitu behar zuen denak; teorian.

Aspaldiko garaiak gogoan 

Arrasate Telebistaren artxiboan arakatuta, 1990ean Iban Elejaldek berak kontatu zuen, garaiko programa baterako, nola izan ziren taldearen hastapenak, urte pare bat lehenago; baliabide gutxi eta gogo handiarekin: "Hasi ginen egiten hemen talde batzuk, baina talde haiek desegin egin ziren, eta haietatik denetatik bat sortu zen. Tipo bati eskatu genion bere instrumentuak guri uzteko; utzi zizkigun, hasi ginen entseatzen, eta badaramatzagu bi urte", zioen Elejaldek.

Utzitako instrumentuekin jardun zuten lehenengo kontzertuetan: "Diru apur bat atera genuenean, gitarrak eta anplifikatzaileak erosi genituen; bateria erosteko, kreditu bat eskatu genuen bankuan. Lokalari dagokionez, geure lokalean entseatzen genuen hasieran; baina txikia zen, eta beste bat eskatu genion Udalari, eta kiroldegiko bat utzi ziguten. Baina jendea kexatu egiten zen, eta joan egin ginen handik. Udalari matraka eman genion, eta zine aretoa utzi ziguten azkenean", zioen Elejaldek.

Orainaldira itzulita, Jose Antonio Guerrerok berresten ditu  Elejalderen duela 30 urteko hitzak: "Osoko bilkuretara eta dena joaten ginen: 'Noiz aztertu behar da hau [lokalarena] osoko bilkuran?'. Eta hantxe agertzen ginen; kar, kar, kar".  
Zirraragarria zaie taldekideei Iban Elejalde aipatutakoak esaten ikustea, ATBren irudietan, erreportaje honetarako gaur egungo entsegu lokalean bilduta; zirraragarria, hunkigarria: "Hunkigarria da, baina horrela da bizitza. Badakizu zer esan ohi den: 'Inor ez da hiltzen, ahazten ez badugu".

Xementerioko kideentzat euren "bizitza" zen garai hartan taldea, Guerrero bateria jolearen arabera: "Hiruzpalau egunez etortzen ginen lokalera astero. Garagardo litro batzuk hartu, hemen sartu eta jo eta sua, orduak eta orduak. Nahikotxo abesti egin genituen, eta, garai hartan, gaztetxeekin-eta, nahikoa mugimendu egoten zen, kontzertuak, eta kontzertuak, eta kontzertuak. Malaña taldekoekin egin genuen bira bat Euskaditik...". 

Ia hogei urte ondoren...  

1997an utzi zioten Xementeriokoek jotzeari, eta, 2007koaren ondoren, 2016an igo ziren berriro agertokira. Hasiera batean Iban Elejalde gogoratzeko egun bakarreko itzulera behar zuena, baina, ez zen hor geratu: "Asmoa ez zen jarraitzea, baina berotu egin ginen: 'Zer egingo dugu, entseatzen jarraitu? Bai, bai... Agian beste kontzerturen bat...". Ruben Arriolabengoa Malagan bizi zen ordurako, eta, haren ordez, Asier Robledo fitxatu zuten talderako. Zein hobeto, hasierako taldeko Gorka Ariasen iloba eta Iban Elejalderen lehengusua baino?

Zuzenekoan, taula gainean, sentitzen den hori izan zen taldekideak jarraitzera bultzatu zituena: "Bai, noski, entseatzea ondo dago, baina onena da jotzea. Hori da soinua, hori! Kar, kar, kar". 20 urte pasa dira, dena dela, eta ez alferrik; gauzak ez dira lehen moduan: "Entseatzeko zailtasun gehiago ditugu: ikasketak, lana...", dio taldeko kide berriak, Asier Robledok, buruarekin ezetz eginaz, gehiago nahia adierazi guran moduan. Guerreroren azalpena, gaur egun ez dutela noraino iritsi helbururik ere, "gozatzea" dela nahi duten bakarra. 

Aparteko helbururik gabe, baina kontzertuak egiteko gogoz jarraitzen dute

"Abestiak eginda daude, ezta?! Entseatu, jo eta aurrera", Robledok ondotik. "Ez dugu abesti berririk egin, lehengo abestiekin gabiltza. Baina nahikotxo ditugu, eta, orduan, batzuetan batzuk sartzen ditugu, beste batzuetan beste batzuk...", Guerrerok arrapostu. Musika giroa ere ez ei da gehiegi aldatu aurreko garaietatik: "Eman ditugun kontzertuetan antzerako giroa egon da, ona, gustura ibili gara".  

2016an itzuli zirenetik, ez da kontzertu gehiegi egiten ari Xementerio, baina batzuk bai: 2018an, etxeko Eguzkierripa Rock jaialdian izan ziren, adibidez, baina Aramaiotik kanpo ere bai, Legazpin, esaterako; iaz, berriz, Arteak Ireki ekimenaren barruan jo zuten etxean, Zigarrolako jaietan ere izan ziren, eta baita Gasteizen ere, Hala Bedi tabernan. 

Aurrera begira, lotutakorik ez dute, ohikorik ez, behintzat; gogoa bai, ordea, Robledoren arabera: "Nik behintzat bai, hauek ez dakit [Alonso anaiei begira]". Alonsotarrek harrapatu dute mezua: "Indirekta izan da hori". Guerrero, bitartekari: "Denbora gutxi entseatzeko". Baina Robledok: "Baina, azkenean, denbora atera egiten da, nahi izanez gero. Egingo dugu zerbait". Oraingoz, apirilaren 18an, lokaleko taldeek egingo dute kontzertu bat, musika ekipoak berritzeko dirua batzeko, eta han izango da... Xementerio. 

Jose Antonio Guerrero: "Beste taldeei eskatutakoak ziren tresnak" 

Guerrero da 80ko hamarkadan hasi zen Xementerio hartatik gaur egun ere taldean dauden hiru kideetako bat.
Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek? 
Aurretik beste talde bat genuen guk [Alonso anaiekin], Avalancha izenekoa, heavyak ginen, eta okindegian entseatzen genuen. Gogoratzen dut, oporretatik bueltan, bi hauek esan zidatela: "Talde bat egin dugu, zuk bateria joko duzu". Ez dudana gogoratzen da Gorkak eta Ibanek ze talde zuten aurretik.
Baliabide gutxi eta ilusio handia zenuten. 
Bai. Kontzertuetara joaten ginen eta jotzera joandako taldeei eskatzen genizkien instrumentuak hiru abesti jotzeko. Haiek utzi, mahaikoei komentatu eta agertokira.

Asier Robledo: "Izugarria da Xementerioko kidea izatea"

Robledo da gaur egungo Xementerio taldeko kide gazteena, sorrera hartan ez zegoen bakarra.
Taldea sortu zenean, nun zinen zu, zer zinen, bazinen ezer? 
Pentsamendua ere ez nintzen, bai zera! [1994an jaio zen]
Noiz izan zenuen euren berri? Gogoratzen duzu txikitan Xementerioren berri eduki izana? 
Bai, noski. Gorka eta Iban familiakoak ditut, eta txikitatik izan dut euren berri, bai.
Eta orain euren parte izate hori? 
Izugarria da, ez dakizu ondo! Horregatik motibatzen naiz hainbeste kontzertuetan-eta. Beno, azkenean, neu horrelakoa izan naiteke edozein kontzertutan, baina desberdina da, motibazio desberdina da. 

Iban Elejalderen aldeko brindisa

2016an bete ziren hamar urte taldeko abeslari izandako Iban Elejalde hil zela, eta hura gogoratzeko antolatutako kontzertuan bere omenezko brindisa ere egin zuten. Agertokietara bueltan, Elejaldek euretakoa izaten jarraitzen du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak