Klima aldaketari aurre egiteko landaketak

Julen Iriondo 2020ko urt. 17a, 10:02
Landaketak egiteko lanean, Larrano inguruan, Urkiolako Parke Naturalean.

Basoa Fundazioak proiektu bat eraman du aurrera Urkiolako Parke Naturalean, klima aldaketaren aurrean goi mendietako ekosistemak egokitzen laguntzeko helburuz. Ikus-entzunezko dokumental baten bidez azalduko dute proiektua, urtarrilaren 28an.

Basoa Fundazioak Urkiolako Parke Naturaleko Larrano inguruan –Atxondon, Aramaioko mugatik gertu; bertako lan eta ikasbideek berdin balio dezakete inguru denerako– gauzatutako proiektuaren egintza nagusia "zuhaitzen landaketa" izan da, Aitor Onaindiaren esanetan: "Arazoa da karbono asko dagoela atmosferan, orain arte inoiz egon izan dena baino gehiago, gizakiaren azken urteetako zenbait aktibitateren eraginez; horrek dakar berotzea, eta, horrekin, klima aldaketa, tenperatura, hezetasuna... aldatzen direlako. Eta horri aurre egiteko era bat izango litzateke zuhaitzek egiten duten fotosintesia erabiltzea. Atmosferako karbonoa hartu eta bizidunon zelula batzuk-eta sortu ahal izateko erabiltzen dute zuhaitzek fotosintesia. Beraz, klima aldaketaren aurrean, aukera bat da landareak ereitea eta landatzea eta fotosintesia ugaritzea".

Hortik joan da Basoa Fundazioaren Larranoko proiektua; Madrilgo dirulaguntza bati esker gauzatu dute, eta, klima aldaketarekin lotutakoa ez ezik, biodibertsitatea handitzeko helburua ere izan du. Honela, ohiko hesi batzuk zeuden lekuan zuhaixka lerroa landatu dute, mugatze funtzio bera betetzeko, fotosintesia egingo duten elementuen bidez, baina, kasu honetan: "Bestetik, lur haien jabeek pago landaketa bat egina zuten 2000. urtean, baina ganadua sartu eta puntak-eta jan zizkieten. Pagadi horretako hutsuneetan zuhaitz gehiago landatu ditugu; jabeek pagoa sartzeko asmoa zuten, baina beste espezie batzuk sartu ditugu, bertakoak, ondo egokitzen direnak, baina beste batzuk, biodibertsitatea ugaritzearren. Zortzi hektarea ziren, eta milaka landare izan dira, zuhaitz eta zuhaixken artean".

Dokumentala, Aramaion

Mintegian hazietatik landare horiek guztiak sortzeko prozesua, kofradia bidezko lur jabego modua –kasu honetakoa–... eta aurreko lerroetan azaldutako kontuok jaso ditu proiektuaren gainean Basoa Fundazioak egindako ikus-entzunezkoak. Hilaren 28an emango dute, 18:00etan, kultura etxean. Emanaldia –45 minutukoa– doakoa izango da, eta gaiari buruzko solasalditxoa egiteko aukera ere izango da amaieran.

"Egon daitezke beste lur jabe batzuk antzerako egoeran eta interesa izan dezakete ikusteko beste batzuek zer egin duten, ze Aramaioko terreno asko ere Urkiolako parkean daude eta Larranokoa moduko habitatak ere badaude", dio Onaindiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak