Harriduraz, baina, pozik jaso dute bertso eskolako kideek Bertso Eguna Aramaion egitea: Hala adierazi du Andere Arriolabengoa Aramaioko bertso-eskolako kideak: "Hasieran harriduraz jaso genuen Aramaion egitearen proposamena, eta pozik gaude, horrek asko esan gura duela gure bertso-eskolaz. Horrez gain, erantzunkizunez, hasieran pixka bat beldurtu ginen, ez genekielako antolaketak zer suposatuko zuen…".
Zapatuan, bertsoarekin lotutako zenbait ekintza izango dira, goizean goizetik hasita. "Arabarrendako festa lehenago hasiko da. Izan ere, udaletxean, 09:00etan batuko gara, aurten, Kuadrilen arteko Txapelketa izango dugulako. Aurkezpena izango dugu lehenbizi, eta, ondoren, batzar orokorra. Horren ostean hasiko da festa…".
Bertso ibilbide gidatua
Bertso ibilbide gidatuan Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa arituko dira. "Plazan hasita, 12:00etatik aurrera, bisita gidatua egingo da Aramaiotik, eta geldiuneak elizpean eta parkean izango ditu. Hala, Aramaioko historia eta bitxikeriak ezagutzeko aukera izango dugu, bertsolarien bitartez".
Ostean, Bertso Egunean ohikoa den moduan, bertso-bazkaria izango da. Hasiera batean, lau elkartetan bazkariak antolatu zituzten arren, izandako harrena onagatik bost elkartetan izango dira bazkariak.
Bost bertso-bazkari
"Txartel guztiak salduta bosgarren bazkari bat antolatzea erabaki genuen, Aramaioko eskolan izango dena", adierazi du Arriolabengoak. Guztira, 250 lagun inguru izango dira elkarteetan bazkaltzen, eta nola ez, punta-puntako bertsolariak izango dira bazkalosteetan. Ehiztari txokoan, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga, Izarra elkartean, Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe, Uribarriko elkartean, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso, Zabolako elkartean, Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre eta Aramaioko eskolako jangelan, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi
Bazkariaren ondotik, arratsaldean festa luzatu nahi duenak izango du aukera, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan, plazan.