Kruzetako ganaduarena konponduko ahal da ezer larria gertatu aurretik

Julen Iriondo 2019ko aza. 18a, 10:01

2019an 28 esku-hartze egin ditu Ertzaintzak ganadua errepidean ezbeharren bat eragiteko moduan zegoela eta. Hainbat itxitura konpondu beharrean dagoela da kontua. aldundiak eta udalak elkarri eskatzen diote irtenbide bila gehiago egiteko.

Aramaio eta Legutio arteko errepidearen erabiltzaile baten kexa –ez da lehenengoa– dago datozen lerroon jatorrian. Aldameneko argazkiari lagun eginez, ondoko mezua bota zuen Twitter sare sozialean Liher Larreak: "Kruzeta eta Legutio artean ezaguna egin da behi familia hau gidarion artean. Baina ematen dizkigun sustoei konponbidea aurkitu beharko diegu, ezta?".

Aramaioko Udala aipatzen zuen mezuak, eta Goienak Lierni Altuna alkateari galdetu dio gaiaren gainean. Baina baita Arabako Foru Aldundiko bi sailetako arduradunei ere, Abeltzaintzakoari eta Errepideetakoari; izan ere, Aldundiaren jabetzakoa da Gorbeialdeko bi herriak lotzen dituen A2620 errepidea.

Hasteko, Lierni Altunak dio aspalditik datorren kontua dela hau: "2000. urtearen bueltan itxiturak jarri ziren. Udalak jarri zituen itxiturak, Aldundiarengandik laguntza bat jasota, eta hitzarmen bat sinatu zuten jabeekin horretarako. Epaiketa bat ere egon zen tartean, jabe batek ez zuelako halakorik egin nahi. Garai hartako udal ordezkariei galdetu beharko litzaieke, baina ulertzen dut Udalak hori egin zuela arrisku bat zegoelako. Dena dela, Foru Aldundiaren bidea da, eta bertako segurtasuna bermatzea Aldundiari dagokio, gure bideetan guri dagokigun bezala".

"ANIMALIEN JABEAK DIRA GAI HONETAN ARDURADUN NAGUSIAK"

Lierni Altuna, Aramaioko alkatea

Kontua da 2000. urte buelta hartan jarritako itxiturak hondatu egin direla denborarekin, "narrak, desbrozadora... tarteko", alkatearen arabera, eta hondatutako itxitura haietatik irtenda agertzen da ganadua errepidean, dakarren arriskuarekin. "Hori ikusita, Aldundiarekin harremanetan ibili gara, Errepideen Sailarekin. Lehenengo eta behin, jabeei bidali zieten jakinarazpen bat beharrezko konponketak egin zitzaten eskatuz; egiten ez bazituzten, eurek egingo zituztela eta gero kostua kobratu egingo zietela esan zieten jabeei. Eta, orduan, jabeak gugana etorri ziren kexu. Diputazioarekin egon ginen eta esan genien hori ez zela bidea. Jabeek ez dute hori egin behar; ze, gainera, bide kontran lurrak dituzten jabe gehienek ez dute animaliarik, agertzen diren animaliak beste batzuenak dira", dio alkateak.

Aldundiak zer dioen

Lierni Altunak zioen Diputazioari dagokiola Aramaio eta Legutio arteko errepidearen segurtasuna bermatzea, eta Diputazioak dio bere esku dagoen "dena" egiten duela horretarako: "Eskatu diegu jabeei itxiturak jar ditzaten, eta, hortik aurrera, errepidea behar den bezala seinaleztatu [arriskuaz ohartaraziz] beste ezer ezin dezakegu egin", dio Aldundiko Bide Segurtasun eta Ustiatze buru Roberto Diezek; horrekin batera, Diputazioko "errepide zaintzailea handik bueltaka" ibiltzen dela ere badio Diezek.

Bide Segurtasuneko buruak dio Aldundia ere "asko" arduratzen duen gaia dela hau, eta presente du egunen batean "ezbeharren bat" gerta daitekeen mamua. Itxiturak behar den bezala jar zitzaten eskatuz eurek jabeei bidalitako "errekerimendua" berriz ere gogora ekarriz –alkateak ere aipatzen zuena–, gai honetan Aramaioko Udalak saiatu behar lukeela gehiago iradokitzen du Diezek; Udalak bultzatu behar lituzkeela jabeak arazoa konpontzeko bidean jartzera.

"ERREPIDEA SEINALEZTATU BESTE GAUZARIK EZIN DEZAKEGU EGIN GUK"

Roberto Diez, Aldundikoa

Kontua da alkateak aurretik aipatzen zuena: jabeak; ze jabe? "Gure zaintzaileak ikusten badu ze itxituratatik egin duen ihes ganaduak errepidera iristeko, jarri izan da harremanetan jabearekin, eta jaso izan du erantzun hau: Nik, nik ez nekien ganadua zebilenik nire lurretan". Alkateak zioena, errepide bazterreko lurren jabeena ez dela izaten bidean agertzen den ganadua; hortaz, zertan hasi behar dute errepide bazterrekoek, euren aldetik itxituretan dirua gastatzen? "Hemen, arduradun nagusiak dira animalien jabeak", dio Altunak: "Baina ez dakigu animaliak zeinenak diren. Ze, noski, identifikazioa belarrian egonda, harrapatu egin behar duzu animalia zeinena den jakiteko".

Ertzaintzaren eskuhartzeak

"Guk ez dakigu zer gehiago egin", dio Aldundiko Roberto Diezek: "Errepide zaintzaileak ganadua ikusten duenean, Ertzaintzari pasatzen dio abisua; ez dakidana da hortik aurrera zer gertatzen den, Ertzaintzak salaketarik jartzen duen edo ez jabeen aurka...".

Segurtasun Sailean galdetuta, halako kasuetan nola jokatzen duten azaldu diote Goienari; salaketa konturik ez da aipatzen igorritako azalpenean –espresuki galdetu arren–: "Ertzaintza iristean ganadua oraindik tokian eta errepidean egonez gero, bidea libre uztea izaten da lehenengo egitekoa. Ondoren, animaliak identifikatzen saiatzen gara belarrietako identifikatzaileen edo bestelako marken bitartez, nahiz eta egiteko hau, arriskutsua izateaz gain, zaila ere baden, animaliek ihesera jotzen baitute agenteak ikustean. Identifikatzea posible denean, animalien jabearekin jartzen gara harremanetan, eta gertatutakoaren berri ematen diogu, errepikatu ez dadin hartu beharreko neurriak har ditzan; eta Arabako Foru Aldundiaren dagokion zerbitzua ere jakinaren gainean jartzen dugu".

Honekin batera, Segurtasun Sailetik diote urteetan helarazi dietela "arazo hau eta irtenbide bat topatu beharra" Arabako eta Bizkaiko (sic) foru aldundiei, eta baita "udalei" ere.

Gai honekin lotuta 2019. urte honetan Kruzeta inguruan egindako eskuhartze kopuruari buruz galdetuta, Segurtasun Sailetik jakinarazi dute 28 izan direla, denera: hemezortzi, behiengatik; bederatzi, zaldi edo behorrengatik; eta bat, ahuntzengatik.

Egoera, "ataskatuta"

Egoera "nahikoa ataskatuta" dagoela dio Lierni Altuna alkateak, eta "nahikoa jasanezina" dela. Diputazioak Udalari gehiago egin dezan eskatzen dion bezala, Udalak Diputazioari eskatzen dio gauza bera: "Guk ikusten duguna da, batetik, Diputazioak bere aldetik jarri behar duela eta itxiturak konpondu, eta hor ari dira Nekazaritzarekineta... eta, bestetik, zerbait egin behar dela animalia horiek hobeto identifikatzeko. Belarrietakoarekin asko hurbildu behar da horietan jartzen duena ikusteko".

Eta gauza are gehiago korapilatzen duen beste faktore bat: ez da bakarrik errepidean arriskua eragiten duten animalia horiek ez direla bide bazterreko lurren jabeenak; Aramaioko alkatearen arabera, animaliok ez dira herriko abeltzainenak ere; ez izateagatik, ez dira Arabakoak ere, Altunak dioenez: "Animalia horiek, gehienak, Gipuzkoatik datoz. Eta Gipuzkoako abeltzain batzuek erabiltzen dute 1409ko mugarritzea. Garai hartan, hitzarmen bat sinatu zen zeinen arabera aramaioarrek Marin ingururaeta eraman zezaketen ganadua, eta baita alderantziz ere. Eta horrekin babesten dira. Baina nahiz eta euren animaliek eskubidea eduki –eta, gainera, gaur egun, animaliak sobera ez ditugu eta ondo datoz basoa mantentzeko ere–, arauak bete egin behar dituzte, eta identifikatuta egon behar dute eta hori guztia. Eta hori Foru Aldundiari [Arabakoari] esan diogu, Nekazaritza sailari, batetik: Probintziako arauak betearazi animalia horiei!Eta, beste aldetik, itxiturena dago: nik pinuak baditut edo, berdin zait, ez badut animaliarik, zergatik itxi behar ditut lurrak, zergatik gastatu behar dut dirua; nik hori ulertzen dut jabeen partetik. Beraz, Diputazioak jarri behar du dirua eta konpondu behar ditu itxiturak, segurtasuna bermatzeko, jabeei baimena eskatuta".

Abeltzaintza zerbitzuko burua

"Nekazaritza" Saila aipatzen zuen alkateak. Arabako Foru Aldundiko Abeltzaintza zerbitzuarekin ere jarri da harremanetan Goiena, eta Koldo Perez zerbitzuburuak ere, Aramaioko alkateak moduan, gogora zekarren "duela urte asko" dirulaguntza eman zietela abeltzainei eta basoen jabeei "itxitura berezi batzuk" jartzeko. Orain, berriz ere beharra egonda, "dirulaguntza eskatuko balute, ziurrenik" emango litzaiekeela zioen Perezek: "Baina, dakidanez, halakorik ez da izan azkenaldian".

"DIRULAGUNTZA ESKATUKO BALUTE, ZIURRENIK EMANGO LITZAIEKE"

Koldo Perez, Aldundikoa

Aramaioko alkate Lierni Altunak dio Udalak gai honetan lanean jarraitzeko asmoa duela: "Ea lortzen dugun Arabako Diputazioarekin aurrera pausoak ematea. Gu, laguntzeko prest gaude, ze, azkenean, guk erabiltzen dugu bide hori, baina hortik aurrera... Izango litzateke gu sartzea moduan autobide bateko kontuetan. Espero dut ezer pasa aurretik konponduko dela gaia".

Liher Larrea, bidearen erabiltzailea: "Beti ganadu bera dela esango nuke"

Sarri erabiltzen du A2620 errepidea, eta behin baino gehiagotan egin du topo ganaduarekin.

Sarri izaten da ganadua errepidean?

Bai; Kruzeta pasatu eta Legutiora bidean egon ohi dira. Beti ganadu bera dela esango nuke. Askotan, ez duzu jakiten nola jokatu ere, Ertzaintzari abisatu edo ez...

Arreta deitu eta hau konpontzeko ezer egiten ari diren jakin nahi izan duzu, ezta?

Bai. Beti esaten den moduan, baten bati zerbait larria gertatu arte, istripuren bat gertatu eta zerbait gogorra pasa arte, hildakoren bat tarteko, agian, ez dute ezer egingo. Eta egia da, hor gabiltzanok badakigu, eta argi joaten gara, jakinda edonon topatu dezakegula halakoren bat, baina...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak