Aurreko eguenean egin zuen udalbatzak urriko osoko bilkura, eta bertan onartu zituzten, aho batez, 2020 urterako ordenantza fiskalak. Ibilgailu astunek udal bideak erabiltzeagatik ordaindu beharrekoak jasotzen dituen ordenantzak KPIaren igoera izango du datorren urtean, ordenantzak berak adierazten duen bezala.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantzari ere KPIaren igoera aplikatuko diote: "2014an aldatu zen ordenantza hau, baina ordutik ez da ukitu, ez du igoerarik izan", zioen Lierni Altuna alkateak. 2020rako KPIa %1 izango da.
Hiri hondakin solidoak bildu eta eramateko zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalari dagokionez, alkateak azaldu zuen aurrena, kasu honetan, Jundizeko Tratamendu Mekaniko Biologiko plantara eramaten diren hondakinek sortzen duten gastua dela, batez ere, kontuan hartu beharrekoa: 2017an aldatu zuten, orain hurrengo, ordenantza, eta, irizpide berriekin, %20ko igoera izan zuen, "urteetan ukitu gabe" egon ostean; Udalak zentzu honetan ordaintzen duenaren eta jasoko duenaren artean aldea txikitzen joateko ordenantza %4 igotzea egoki ikusi du udalbatzak.
Bestelako aldaketa
2020rako ordenantza fiskaletan egingo duten laugarren eta azken aldaketak ez du zerikusia kopuruekin, baizik eta ordenantzaren beraren erredakzioarekin. Larre publikoen abeltzaintzarako erabilerarekin lotutako ordenantza da: orain arte zehazten zen udalerrian erroldatutakoek zutela euren ganadua larre publikoetara botatzeko aukera, baina bertan bizi ez arren ganadu ustiaketa baduten baserriak badirela kontuan izanda, erredakzioan aldaketa hori egitea erabaki du udalbatzak, bertan erroldatuta egon gabe ustiategia udalerrian dutenei ere aukera ematen zaiela zehaztuz –erredakzioan, ze praktikan hala jokatzen dela zioen alkateak–: "Abereak sobran ez ditugu; behar ditugu, gure larre eta basoak mantentzeko".
Musika etxea
Ordenantza fiskalenarekin batera, beste gai batzuk ere landu zituzten urriko osoko bilkuran; horien artean, musika etxea egiteko bidean beste urrats bat egin zuten, eta Indenort enpresari esleitu dizkiote lanak, kontratazio mahaiak ebatzitakoa ontzat hartuz. Kontratua sinatu ostean, bost hilabete izango dituzte lanak egiteko.