Etxebizitzak eta frontoia, Ibarrako erdigunean

Julen Iriondo 2019ko urr. 31a, 10:35

Alde zaharreko Birgaitze Plan Berezia lantzen ari den arkitektura estudioa amaitzen ari da bere lana. Asmoen berri eman dute herritarrekin berriki egindako bileran, eta, aipatutakoarekin batera, Osteta eta Nardeaga kaleen arteko zubiarena ere badago.

Duela hamar urte inguru hasitako prozesua ari da bukaerara iristen, eta Aramaiok Ibarrako alde zaharreko Birgaitze Plan Berezi berria izango du laster. Plan horrek zenbait asmo jasotzen ditu, batetik, espazio komunetarako. Nabarmenena litzateke Nardeaga eta Pedro Ignazio Barrutia kaleen arteko partzelan [Ikus irudiak] etxebizitzak eta plaza funtzioa ere egingo lukeen frontoia eraikitzearena.

Antzemandako beharrei eta prozesuaren hasieran herritarrek erakutsitako nahiei jarraiki, herriaren erdialdean topaleku izan daitekeen gune bat sortzea egoki ikusten du Plan Berezia prestatzen ari den RM Arkitektura Estudioak. Espazio hori eta goiko kalea komunikatzeko eskailerak egingo lituzkete, "gune berria gehiago erabili dadin"; arrapalarik egiteko tokirik ez dagoela zioen Raimundo Mendiburu arkitektoak bileran, herritar baten galdera erantzunez.

Horrekin batera, etxe blokeko beheko oina, Nardeaga kalera ematen duen zatian, erabilera komertzialerako izatea jasotzen du lantzen ari diren planak. Eta hau guztia doan aterako litzaioke Udalari, jabe partikularra duen lurzoruan etxebizitzak eraikitzeko operazioan sartuko bailirateke baldintzok. Hori bai, etxebizitzok eraikitzea lurzoruaren jabearen erabakia da printzipioz: "Jabeen eskuetan geratzen da. Hori bai, legeak badio jabeek ez badute ez dakit zenbat denboran eraikitzen, udalak desjabetu egin dezakeela, baina normalean ez da egiten, batez ere herri txikietan. Baina nik uste dut jabeak prest egongo direla horrelako promozio bat egiteko, uste dut baietz", zioen Mendiburuk.

Lehengo zubia edo berria

Espazio komunetako azpiegiturekin jarraituz, Osteta eta Nardeaga kaleen arteko zubiarena dago. Gaur egun badago zubi bat, baina ez da publikoa, eta Ura agentziak esan beharko luke, gainera, erabiltzeko baldintzak betetzen dituen edo ez. Horren arabera planteatuko litzateke hura herriarentzat bihurtzeko ekinbideak egitea. Beste aukera litzateke errekan goraxeago zubi berria egitea. Hori aztertzekotan geratu zen Udala.

Eta beste berrikuntza bat izango da Ibargoiako plazatxoa, edukiontziaketa dituena, plaza publiko bilakatzea; hori jasoko du Plan Bereziaren dokumentuak.

Hori alde zaharreko espazio komunei dagokienez. Partzela partikularrei dagokienez, berriz, zenbait aldaketa izango ditu Plan Berezi berriak aurrekoarekiko. Plan Berezian zehazten da leku bakoitzean, eraikinak inolako babesik baduen edo ez kontuan hartuta eta, baldin badu, ze mailatakoa duen aintzat hartuz, ze eraberritze lan edo aldaketa egin daitezkeen, edo zer eta nola eraiki daitekeen partzela hutsetan: "Aldaketak izango dira lehengo planarekiko, ze duela 2030 urtetatik hona legeak aldatu egin dira, eta legeak esaten duena bete egin behar da".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskatuta Udalak iaz egindako azterketa hidraulikoaren ondorioen arabera, berez eraikigarritasuna aurreikusten zitzaien bi gunek ez dute azkenean halakorik izango, erreka hazita etorri eta ibilgutik aterako balitz kalteak izan ahalko liratekeelako. Udaletxe atzean eta Nardeaga eta Osteta arteko zubi inguruan daude guneok. Gaur egun baratzeak dira, eta hala jarraitu beharko dute.

2020. urte hasieran Plan Berezia jendaurrean jarri, alegazioak aztertu, Aldundiaren onespena jaso eta, iragarri zutenez, urtebete inguru barru indarrean egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak