Berdintasuna helburu duen Kuadrillaren gida

Julen Iriondo 2019ko uzt. 10a, 18:24

Sentsibilizazioa eta prebentzioa ditu helburu Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasun sailaren arteko lankidetzatik sortutako esku-orriak. Berdintasun Planeko ekimena da, eta hausnarketarako eta egunerokoak aldatzeko gonbidapena egiten die herritarrei.

Emakume izate soilagatik haiek egin beharrekotzat jotzen diren arlo pribatuko hainbat lan –umeen edo nagusien zaintzarekin lotutakoak, tartean– direla-eta, errealitate hau ikustarazteko eta aldaketarako pausoak emateko gida plazaratu du Gorbeialdeko Kuadrillak. Emakumeek jasan behar izaten duten lan kargarekin batera, gertatu ohi dena da gainerakoekiko ardura handia izan ohi dela eta norbere buruarekikoa txikia: “Etortzen direnean emakumeak gizarte zerbitzuetara, askotan, ez dute beraiendako ezer eskatzen, baizik eta familiako beste kideendako; aldiz, gizonak etortzen direnean, gehienetan, beraientzako eskariak egiten dituzte”, dio Gorbeialdeko Kuadrillako Berdintasun teknikari Araitz Palaciosek.

Lan kargak emakume askori arazo fisiko zein psikologikoak eragiten dizkie. Seme-alaben mediku azterketak, txertoen kontrola, eskolako bilerak… zaintzarekin lotutako ardurak, adibidez, zama mentala dira lau emakumetik hirurentzat, ikerketen arabera. Erreproduzitzen den ereduak, gainera, eragina du urte batzuetan heldu izango diren ume horiengan: “Umeek, hasiera batean, ez dakite zer den berdintasuna edo zer ez den, helduok ematen dizkiegun irizpideen arabera egiten dute euren ideia; orduan, helduok hausnarketa egin behar dugu, eta hezkidetzara jauzi egin, gure umeak eredu horren arabera sozializatuz”.

Oreka horren bila, Gorbeialdeko Kuadrillak ateratako gidaren arabera emakumeek aztertu behar lukete zein den bakoitzaren egoera; egoera horretaz jabetu eta, justua ez bada, ez onartu emakume izate soilagatik. Gizonentzako ere bada, ordea, ateratako esku-orria: etxeko eta zaintza lanetan izan ohi duen parte-hartzea aztertu behar du gizonak, eta lan banaketa justua ez bada hala izan dadin egin, zereginak gauzatzeaz bakarrik ez, antolaketaz-eta ere arduratuz, gidak dioenez: “Balantza orekatzea ez da posible gizonek euren gain hartzen ez badituzte gaur egun, oraindik, egiten ez dituzten hainbat lan”.

Gida hau Aramaioko etxe denetan banatu dute, eta udaletxean ere eskuratu daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak