"Urteetan zehar egindako lanari eskertza-keinu bat izatea espero dugu". Hala mintzo dira Udaletik, aurtengo pregoilariei buruz galdetuta. Hain zuzen, herritarren proposamenen artean aukeratu dute jaiei hasiera emango dien taldea: "San Martin jaiak parte hartzaileagoak egiteko asmotan, inkesta bat egin ohi dugu urtero. Bertan, ekintzak proposatzeko aukera ematen zaio herritarrari, zer ikusi nahiko lukeen esateko. Pregoilariak proposatzeko aukera ere bada, eta aurtengo kasuan emakume elkarteak jaso zituen boto gehien".
Emakume guztientzat
Itur zuri elkarteak "pozez" hartu zuen proposamena eta "hasiera-hasieratik elkartean aritu direnei" eskaini nahi izan diete omenaldia. Albistea jaso bezain pronto jarri ziren harremanetan lehengo kideekin, eta haiek ere "ilusio handiz" hartu dutela diote.
Gauzak horrela, sei kide igoko dira bihar udaletxeko balkoira: "Lau emakume nahiko nagusiak dira. Taldea hasi zenean, 80ko hamarkadan, buru-belarri aritu ziren lanean, eta gaur balkoian egotea merezi zuten". Gainerako bi kideak batzarreko egungo kide bat eta kide izandako beste emakume bat izango dira.
Txupinazoa botatzeko "gogotsu" daudela aitortu dute, "Ezin izango gara denak egon pregoia botatzen, baina behean egongo garenontzat ere berezia izango da, emakume guztiona da".
Herriarekin elkarlanean
Elkarte modura 90eko hamarkadan eratu zen arren, emakumeen mugimendua 80ko hamarkadan loratu zen Aramaion. Herri mailan "oso taldea aktiboa" dela azaldu dute Itur Zuritik. Gainerako eragileekin lanean aritzen direla kontatu dute, eta urtean zehar ekintza ugaritan parte hartu: "Martxoaren 8rako, esaterako, gazte talde feministarekin batera prestatzen dugu egitaraua. Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean ere kolaboratzen dugu. Gazte Asanbladarekin lan egin izan dugu, edota dirulaguntzen gestioan", kontatu dute. Horretaz gain, taldeko kideei zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte, hala nola tailerrak eta irteerak.