Arrasate eta Aramaio lotzen dituen errepide gaineko zubibidera ematen duen tunelaren gainaldean dagoen Cuatrovientos baserrikoek hamaika buruko min izan dute urteotan Abiadura Handiko Trenaren lanen kontura; besteak beste: euren etxerako pista zihoan mendi magalean 2010ean gertatutako lur-jausia, pitzadurak etxean… eta, etxerako bidea eta lur-jausiak erasandako gunea egokituta, errepide nagusirako lotunearen eragozpen eta arriskuak. Eta azken horrekin bueltaka jarraitzen dute oraindik, inguru hartan AHTaren lehen lanak egiten hasi zirenetik hamar urtera.
Eragozpenei dagokienez, errepide nagusira irten eta Arrasate aldera joan nahi izanez gero, zuzenean joan ezina; arau hausterik egin gabe, behintzat, Ibarraraino joan eta han buelta hartu beste erremediorik ez dute. Arriskua, berriz, bidegurutzea bihurgunearen erdian egoteak dakar; irteten hasi eta beste ibilgailu batek aldamenetik edo atzetik ematekoa, eta berdin norberak legezko maniobra egin gabe edo eginda –orduko 50 kilometroko muga dago errepide zati horretan, baina, oro har, ez da errespetatzen, eta bizkorrago joaten dira automobilak–.
Cuatrovientoskoek ez dute aukerarik galtzen tartean-tartean eragozpen eta arriskuok gogorarazteko eta konponbide bat eskatzeko, orain artekoa baino arrakasta handiagorik izan ezean –eta bide ofizialetatik egin dute hainbat saiakera–, lehengoan jarraitu beharko dutenaren jakitun izan arren. "Nik esaten dudana da: Eusko Jaurlaritza dago AHTaren atzean, eta lanon proiektuak behar den moduan egitekotan egin beharko zuketena da parean harrapatu dituztenak –eta ez dut esaten parean inor harrapatu behar ez zutenik– errespetatu eta behar den bezala tratatu", dio Luis Zabalak: "Baina nola hor bizi dena baserritar familia bat den, hor konpon; hemen bizi dena politikari bat balitz, honezkero dena konponduta zegokeen".
Konpontzeko, hainbat izan litezke aukerak; Cuatrovientoskoen gustukoena, egungo bihurgune aurreko zuzenera ateratzea euren etxerako bidea, baina beste batzuk dira biribilgune bat egitea edo semaforoa jartzea, Zabalaren esanetan. Eta behin betiko konponbidea jarri artean, behintzat seinaleztapen bereziarekin beste gidariak ohartaraztea eskatzen dute. Ze, tonu larriz dio gizonak: "Bidegurutze horretan, bizitza jokoan jartzen dugu egunero!"; eta litekeena da, bihurguneak, batetik, eta bazter-babesek, bestetik, eragindako ikuspen murritzaren aurrean adibidez emazteak darabilen sistemak –irratia ere itzali eta inor datorren edo ez ebazteko entzumena erabiltzea– halako batean huts egitea.
Lugartegiko kasua
2016ko otsailean gertatu zen Untzillako Lugartegi baserria eta azpitik pasatzen den trenaren bidea arteko euste-horma apurtu eta neurri batean behera etortzea. Iragarritako gertaera izan zen: "Lurra mugitu egiten da; ez nuke hemen bizi nahi" esan ei zion behin euste-horma ingurua ikuskatzera joandako teknikari batek baserriko bizilagun Antonia Bergaretxeri: "Hori magal hori josterakoan egin zituzten gauzak gaizki. Hauek egiten dutena da lanak azpikontratatu, merkeenera, baina nola lan egiten duten inork ez du zaintzen". Gertatu behar zena gertatu zen, eta kalbarioa Bergaretxerentzat: "Diru asko gastatu dut abokatutan", dio.
Zenbait hilabetez etxetik kanpo ere egon behar izan zuen, segurtasunagatik; pitzadura handiak agertu ziren apurtutako euste-hormaren eta baserriaren arteko zelaietan. Lurrak egonkortzeko hainbat lan egin dituzte –etxearen oinetara eraikitako beste euste-horma bat, besteak beste–, eta hilabete haiek pasata, berriz ere etxera itzuli zen arren, gurutze-bidea ez zaio amaitu, etxe inguruan AHTaren lanak hasi zituztenetik hona bizi duen gurutze-bidea.
BERE BASERRIRAKO BIDEA BEHARRIK GABE KENDUKO DUTELA DIO ANTONIA BERGARETXEK
Bideen kontura borrokan ibili da eta dabil, esate baterako: Lugartegi azpian, trenaren bidearen beste aldean dagoen Bolinburu baserri ingurutik pista bat zihoan, adibidez, Antonia Bergaretxeren baserrira –"geuk egin eta ordaindutako bidea"–; pista hori moztu egin zuen trenaren bideak, eta handik Lugartegira iristea ezinezko bihurtu zen, ondorioz. Konpentsazio gisara, eta etxera iristeko bide hura soilik utzi ziotenez, Untzilla auzogunetik Lugartegira doan bidea konpontzerako orduan zorua zementuzkoa egitea eskatu zuen Bergaretxek –"eta hala onartu zidaten, sinatuta daukat"–; todo-uno-arekin egiten hasi ziren, ordea, eta berak kexa, eta erantzuna, han behetik, Bolinburutik, biderik –ganorazkorik, behintzat– ez zela trenbidearen aurretik ere egon –konpentsaziotarako arrazoirik ez, beraz–: "Baina nik banituen bide hori bazela frogatzen duten agiriak". Azkenean lortu zuen bidea zementuz egitea.
Orain, berriz, bide hura ere kendu egin behar diote: eustehormarekin izandako arazoari behin betiko irtenbidea emateko asmoz, goiko aldeko malda leuntzekoak dira, eta bidea ere harrapatuko dute lanek. Atzeragotik egingo dute bide berria, eta baserri inguruko lur gehiago galaraziko dizkiote. Gainera, inguruko malda leunduta, etxea babesik gabe –haizearekiko, adibidez– geratuko dela dio Bergaretxek, maldotako arbolak desagertu egingo direlako ere bai, lehen bota zituztenez gain.
Ez du uste obraren ardura dutenek garbi jokatzen dutenik: lanak era eraginkorrenean egiten ez dituztenaren ustea du, eta nahita egiten dutela; lanetarako azalera handiagoak hartuz, esate baterako, kostua handitzeko eta irabaziak gehitzeko. "Iruzurgile negargarri batzuk dira hauek. Enpresak goseak dabiltza, eta enpresa buru horiek lagunak dituzte hor goian, eta majo defendatzen dute elkar". Hori da, bere esanetan, orain bidearekin egingo diotenaren kasua; alternatibarik badela uste du, aurkako iritzia agertu du, baina…: "Azkenean, badakizu zer egin diguten? Gobernutik sartu dute papera, desjabetzeko". Eta haserre dio: "Hemen ez dago justiziarik!".
Bolinburun, berriz,...
Bolinburu baserriko Luis Mari Erizek ere badu AHTaren lanengatik zertaz kexatu: "Baserrirako bidea kristo bat eginda dago, aberietarako ere ez dugu egiten! Esan ziguten brea botako zutela bukatutakoan, baina gero ezer ez. Bestetik, bagenuen baserrirako iturburu bat, eta esan ziguten: 'Obra bukatutakoan konponduko dizuegu'; gaur arte. Orain herriko ura dugu, baina orturako-eta ez da gauza bera, kloroa-eta izatera, hobea da iturburukoa. Eta, gero, basoetarako sarbideak-eta: anaiak, adibidez, badu atera nahi duen pinudi bat, baina ezin du, horma handi bat egin diote-eta". Eta, orain, beldur dira berriro, etxe ondoan segurtasun tunela egin behar dutela-eta: "Bakarrik pentsatzea berriz ere lehengo mugida izan behar dugula...: kamioiak aurrera eta atzera abiadura bizian –makilarekin egoten ginen zaintzen–; hautsa eta lokatza...".
HALA AGINDU ARREN, HONDATUTAKO UR ITURBURUA EZ ZIETEN KONPONDU BOLINBURUKOEI
Udalak dio segituko duela eskean
Cuatrovientosko Luis Zabalak erakunde askorekiko du kexa, bidegurutzea dela eta: Jaurlaritzarekiko ez ezik, baita Aldundiarekiko, Arartekoarekiko eta Adif-ekiko ere. Udalak ere gehiago egin behar duela uste du: "Lehendakariari idatzi behar badiote, idatzi diezaiotela". "Ba, hori egitea bakarrik falta zaigu", dio Lierni Altuna alkateak: "Ulertzen dut euren frustrazioa, baina Diputazioarena da bidea, eta hori da arazoa. Lur-jausiaren ostean, Diputazioak eta Adif-ek adostu zuten horrela egitea; guk hamar mila aldiz esan diegu, baina... Batzar Nagusietako eta Legebiltzarreko hainbat batzordetan egon gara, Espainiako Kongresura ere eraman zuen EH Bilduk zerrenda handi bat...". Dena dela, eskatzen jarraituko dutela dio Altunak: "Geu ere oso inpotente sentitzen gara; baina jarraituko dugu gaizki ikusten duguna konpontzeko eskatzen".
Diruaz gain –baserriko pitzadurak konpontzeko, adibidez–, urteotan osasuna ere joan zaiola dio Luis Zabalak: "Bihotza daukat gaizki [bihotzekoa izan zuen duela urte batzuk]; bihotzarentzat pozoia dira gauzok, eta nik botika beharra dut orain. Eta gauza hauek eragiten dituztenak horrexetan ari dira, pertsona bizirik hiltzen". Honekin guztiarekin, nola sentitzen diren galdetuta, hauxe dio: "Abandonatuta; AHTaren lanek zapaldu eta txikituta!".