'24 millas' dokumentala, Izaskun Arriaranen azalpenekin

Julen Iriondo 2019ko eka. 5a, 14:44

Mediterraneoan errefuxiatuen erreskatea gaitzat duen 24 millas film dokumentala emango dute zapatuan –21:00etan– Aramaioko kultura etxean. Zehazki, Izaskun Arriaran aramaioarra kide duen Itsas Laguntza Humanitarioa elkarteko boluntarioek, beste batzuekin batera, Maydayterraneo proiektuaren barruan 2017an egindako lehen erreskate misioan gertatutakoa erakusten du pelikulak.

"Misio horretan ikusiko dira bi erreskate, nahikoa gogorrak, gainera. Gauzak kontu handiarekin egin behar dira, ze arriskua da jende dena itsasora jausi eta itotzea. Prozesu nahikoa luzea da; kanpotik ikusita, ematen du gogoa... hartu 200 pertsonak eta hustu, eta zure itsasontzira eraman, baina oso prozesu zaila da. Eta, honekin batera, ikusiko da Libiako soldaduekin izandako arazo txiki bat; tiroketa bat ere egon zen, beraiek eskatzen zutelako erreskatatutako jendea beraiek eramatea bueltan Libiara", dio Arriaranek pelikularen edukiaren gainean galdetuta.

Gaur egun, honela dago egoera, Mediterraneoan eta erreskate kontuei dagokienez, bestetik: "Berdin jarraitzen du, latza. Bi asteotan albiste beldurgarriak entzun ditugu: 200dik gora pertsona itota hil dira; beste bi itsasontzi Libiakoek eraman dituzte bueltan bertara; beste itsasontzi bat ikusi zuten egun baten jendez beteta, eta handik bi egunera hutsik ikusi zuten, eta ez dakigu jende hori non dagoen. Egunero ari gara gauza hauek ikusten. Eta gure egoera duela hilabete batzuetakoa modukoa da: ez dugu erreskaterako baimenik. Une honetan Lesbosen gaude; bertara joan ginen, erreskate lekutik gertuago egoteko, baina baimen barik". Eta erreskate lanetarako gertu dauden itsasontzi denak daude egoera berean, Izaskun Arriaranen hitzetan Europak ez dituelako errefuxiatuak bere lurretan nahi.

Izaskun Arriaran bera zapatuko emanaldian izango da, gaiari buruzko azalpenak emateko: "Eskola mailan ere zerbait egin dugu; eta hau aukera ona da herriak ikusteko Euskal Herri mailan oraindik asko hedatu ez den dokumental hau. Poztekoa da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak