Xavier Sureda: "Jendea ohartzen ari da ezin garela hainbeste medikatu"

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 9a, 18:22

Duela urtebete estreinatu zuten La revolución natural dokumentala, eta asteon Aramaion izan dira zuzendaria eta protagonista, Lorabarri Astearen baitan, proiektuaren gainean berba egiten.

25 elkarrizketetan oinarritutako dokumentala bi zatitan banatuta dago, eta asteon lehenengoari buruz aritu dira. Fitoterapia eta medikuntza integratiboa dira proiektuaren ardatz nagusiak, baita negozio farmazeutikoa ere.

Nola sortu zitzaizun dokumental hau egiteko aukera?

Duela hiru urte hasi zen kontu hau. Nire lagun batek Josep Pamiesen Una dulce revolución liburua oparitu zidan. Liburu horretan landare sendagarriak, nekazaritza ekologikoa eta abar lantzen ditu Pamiesek. Hasieratik oso interesgarria iruditu zitzaidan eta irakurtzen ari nintzen bitartean, asko konbentzitu ninduen edukiak. Liburua bukatu aurretik, hitz guzti horiek irudi bidez erakusteko beharra sentitu nuen. Ez nuen Josep ezagutzen, eta bere hitzaldi batetara joan nintzen. Hitzaldiak are gehiago motibatu ninduen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen. Bere liburua ardatz hartuta, dokumental bat egitearen ideia planteatu nion, eta berak pozarren onartu zidan proposamena.

Urtebete da estreinatu zenutenetik. Nolakoa izan da harrera?

Oso ona. Leku askotan eskaini egon gara, eta jende ugari etorri da. Baina etortzen den jende gehiena dagoeneko konbentzituta dagoen jendea da. Gure asmoa da jende berria erakartzea eta gai hauetaz konbentzitzea, baita kritikoa den hori ere. Izan ere, dokumental zorrotz bat egiten saiatu naiz, eta esaten den guztia adituen esanetan konfirmatzen, inork ez dezan pentsa gezurretan ari garenik.

Zuri ere ikasteko balioko zizun esperientzia honek...

Noski baietz. Asko ikasi dut, eta oso pozik nago. Egia da nik uste baino denbora gehiago behar izan dugula, baina oso aberasgarria izan da niretako, jende interesgarri asko ezagutu dut. Amak behin eta berriz esan izan dit ea noiz bukatuko nuen dokumentala, oso astuna izan naizela. Erantzun diot astuna izaten jarraituko dudala aurrerantzean ere, landare sendagarrien eta fitoterapiaren alde lanean jarraituko dudalako konbentzimendu osoz.

Martitzenean egin zuten dokumentalaren aurkezpena, kultura etxean.

Iraultza naturala dio tituluak. Iraultza hori eman da dagoeneko, ala ematear dago?

Alde batetik, alde naturala lantzen duelako jarri nion izenburu hori, landareak eta abar. Baina bestetik, naturalki eman beharko litzatekeen iraultza dela uste dudalako ere bai. Hainbeste kimikaren ondoren, naturara itzultzea beharrezkoa da.

‘Motibazio batek kontzientzia aldaketa bat eragiten duenean, osasunean eta elikaduran ahalduntzeko’. Laneko esaldi nagusia da.

Motibazio baten beharra duzu kontzientzia aldatzeko. Josep, adibidez, motibazio baten ondorioz hasi zen landare sendagarriekin lanean. Probatzen hasi zen, eta ikusi zuen osasunerako onurak zekartzala. Ahalduntzearen ideia asko erabiltzen ari da azkenaldian, eta nik uste garrantzitsua dela ahalduntzea, gure osasunaren agintea guk geuk hartzea. Horretarako informazio erreminta bat da dokumentala. Jendea geroz eta informatuago egon, orduan eta erabaki gehiago hartu ditzake.

Gizarteak nahikoa kontzientzia dauka arlo honetan?

Geroz eta gehiago. Ni ez naiz aditua, ezagutzaren igorle bat baizik, baina egia da jendea konturatzen ari dela ezin garela hainbeste medikatu, medikamentu farmazeutikoek albo-efektuak dituztela, eta gehiago zaindu behar garela. Gizarteak oso gaizki jaten du eta elikadura gaixotasunen iturri nagusienetakoa da. Transgenikoak, pestizidak eta abar gu gaixotzen ari dira. Ez da kasualitatea horrenbeste minbizi, diabetes eta abar egotea.

Negozio farmazeutikoa ere bada dokumentalaren ardatzetako bat.

Dokumental positiboa egitea zen nire asmoa, herritarrak ahalduntzea helburu zuena, eta ez horrenbeste farmazeutikoei kritika egitea. Hala ere, egia da bukaeran 10 minutu daudela oso kritikoak. Medikamentuak ekoizten dituztenek negozioari begiratzen diote eta ez hori bakarrik, gaixotasunak klonatu ere egiten dituzte, medikamentu horrekiko menpekotasuna sortzeko. Jende asko dago egunean 10-12 medikamentu hartzen dituena. Negozio farmazeutikoa hor dago, eta hori ikusarazi egin behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak