Espainiako Kopa lehiatu du, "oso jende onarekin"; Kataluniako harrobia nabarmentzen du. Euskal Herriko Kopan ere aritu da, eta emaitzak hobeak izan dira hemen, "politak": bertikaletako txapelketa irabazi du, Linzako bakarkakoa ere bai, eta Kopako sailkapen orokorra beretzat izan da.
Bukatu da eski denboraldia, baina ez zaude geratzekotan.
Ez. Maiatzean eta ekainean mendiko lasterketa asko daude, eta pare bat egiteko asmotan nabil.
Mendiko eskian aurten hasi zara lehian, ezta?
Bai. Aspalditik eskiatzen dut alpetar erara. Mendiko eskia egiten aurten hasi naiz, aitak erakutsita. Lehiatzeko zortea ere eduki dut, eta oso pozik nago.
Selekzioaren deiaren harira etorri da lehiatzeko aukera? Edo bestela ere bazenuen asmoa lehian aritzeko? Izan ere, selekzioarekin jardun duzu; nola sortu zen aukera hori?
Hasiera batean, asmoa zen mendian ibiltzea, Aloña aldean eta. Baina korrika denboraldi ona egin nuen kilometro bertikaletan, eta hori dela-eta deitu zidaten selekziotik, lehiatzeko, eta asko ikasi ahal izan dut lehiatuz.
Beraz, korrika ondo zenbiltzala-eta eskirako deitu zizuten?
Bai. Kasualitatez eduki nuen aukera hautatzailearekin hitz egiteko. Komentatu nion eskiatzen banekiela, eta aukera eman zidaten taldean sartzeko eta kirol honetaz disfrutatzeko.
Ulertzen dut badirela gaitasun batzuk bi arloetan komunak direnak.
Hori da. Korrika zein mendiko eskian arlo fisikoak antzera eragiten du; fisikoki prest nengoelakoan hartu ninduten. Baina teknika handia ere behar da eskian, eta hori ikasi dut aurten, teknika barik ez zoazela inora.
Non zauden eta ikasteko zenbat falta zaizun ikusteko balio izango zizun, beraz, aurtengoak.
Bai. Mendiko eskiko lehiak, niretzat, erabat ezezagunak ziren. Euskal Herrian ez dabil jende askorik, baina, Espainia mailan ere lehiatu naizenez, ikusi ahal izan dut jendea badabilela, eta oso ondo prestatuta, gainera. Niri, geratzen zait, oraindik.
Euskal Herrian jende asko ez dabilela diozu; orokorrean edo zuen adinetan?
Taldean, kadete mailan ni naiz bakarra. Junior mailan badago jende gehiago, baina ez hainbeste. Nafarrek ere badituzte pare bat neska-mutil kadete mailan, baina ez dago jende askorik. Helduagoetan jendea badabil lehian, baina harrobi lana egin behar da gazteekin, eta orain, horretan ari dira lanean. Apirilaren 21ean egingo dituzte 12 eta 20 urte artekoentzako hautaprobak, selekziorako, hurrengo denboraldirako; jende berria, gaztea, erakarri nahi dute arduradunek.
Zuretzako ere bada hautaproba hori?
Ez, niri esan zidaten aurtengoarekin nahikoa zela.
Nola izaten ari da ikasketa prozesua? Norbere kontura, entrenatzaileekin, beste batzuekin mendira joanaz, lehiaketetan...?
Dugun arazoa elurra da. Aurten ez du askorik egin, eta teknika entrenatzeko ez da aukera askorik egon. Egin izan duguna izan da, zapatuan lasterketa edukiz gero, domekan denok batu eta teknika lantzeko ariketa batzuk egin. Jaisterako orduan behar da teknika, baina baita eskien eta larruen aldaketetan-eta ere; eta hori ere landu egin behar da, ze aurten ikasi dut oso garrantzitsua dela aldaketa horiek ondo egitea.
Igarri duzu bilakaerarik denboraldi hasieratik amaierara?
Bai. Ez nekien ezer, ia hutsetik hasi nintzen. Egunero ikasten da zerbait: haizea dagoenean nola jokatu, edo ze larru hartu kondizioen arabera... Beti gabiltza ikasten, baina oraindik lan handia geratzen zait maila txukun batera iristeko.