Auzo-konpost gune berria, maiatzaren 2tik

Julen Iriondo 2019ko api. 15a, 08:53

Organikoa bereiziz hondakinen kudeaketa egokiagoa egitera bidean, herriko beste 40 familiak izango dute laster aukera zentzu horretan euren ekarpena egiteko. Azpiegitura prest dago, eta informazio bilerak egiten ari da Udala interesdunekin .

Aita Gabirel Jauregi kale ertzean dago kokatuta azpiegitura berria, eta Udalaren asmoa da udaberriko oporraldiaren ostean jartzea martxan. Ostetako gunean bezala, 40 familiak izango dute aukera auzo-konpostean parte hartzeko. Lehenengo aldi hartan lekuak bete eta itxarote-zerrendan geratu zirenek izango dute lehentasuna, eta gainerako lekuak eskatu ahala joango dira betetzen –etxearekiko kokapenagatik guneak trukatzeko aukera ere egongo da–. Interesa dutenek datorren asteko bileran eman dezakete izena, edo ondoko helbidean, bestela: ingurumena@gorbeialdea.eus.

Zenbait datu

Hondakinen arloan, abiapuntua edo aurrena egiten saiatu beharrekoa prebentzioa da, ahalik eta hondakin gutxien sortzen ahalegintzea, alegia –2017an, Gorbeialdean, 524,05 kilo hondakin sortu ziren, batez beste, pertsonako–. Behin hondakina sortuta, berriz, kontua da nola kudeatzen den, nora doan eta nola; eta Gorbeialdean %35era ez da iristen gaika jasotzen dena –Arabako datua are kaxkarragoa da–; beste era batera esanda, %65etik gora errefusaren edukiontzira doa, eta, ondorioz, zabortegira.

Baina ze gai egon ohi dira errefus horretan? Bada, Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toñak emandako datuen arabera, organikoa da errefusaren ia erdia. Beraz, organikoa bereizi eta harekin aparteko kudeaketa eginez gero, nabarmen hobetzen da panorama.

Horrela, Aramaion hondakinen gaian hartutako neurriekin, herrian sortutako errefus kopuruak %8 egin du behera bi urtean; aipatutako neurriak organikoaren kudeaketarekin lotutakoak izan dira, gehienbat: etxeko konpost kanpaina eta Ostetako azpiegitura, bereziki.

Udalaren asmoa da, auzo-konposterako gune berria jarrita bide beretik jarraitzea, gero eta errefus gutxiago sortuta. 

Hurrengo batzarra, bihar

Ingurumen teknikariak gidatuta, eguaztenean egin zuten auzokonpostari buruzko lehen batzarra. Etxean sortutako organikoa konpostatzera eramanez ingurumenari lagundu nahi diotenek bihar, martitzena, dute beste aukera bat, 18:00etan, udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak