Zaintzaren bi aldeetan daudenentzat programa, Araban

Julen Iriondo 2019ko mar. 27a, 17:16

Mendekotasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen bizi kalitatea eta zainketa bera hobetzeko programa jarriko du martxan Arabako Foru Aldundiak. Aramaion ere hainbat izan daitezke onuradun: mendekotasuna aitortua duten 46 pertsona daude.

Zainduz Araba programak askotariko arloei jarriko die arreta, hala nola, teknikoei eta baita psikologiko eta sozialei ere. Zentzu honetan, zaintzaileek laguntza psikologikoa jasotzeko aukera izango dute, eta antzerako egoeran dauden pertsonez osatutako taldeak sortuko dituzte, espezialisten gidaritzapean elkar laguntzeko: "Zaintzak dakarrena da, batzuetan, bakardadea: zaintzaileak utzi egiten die bere gauzei, lagunekin irteteari, ekintzetan parte hartzeari... Dena zaintzan zentratzen delako; eta inportantea da hori zaintzea. Eta, gero, pertsonak mendekotasun handia badu eta, adibidez, nola mugitu ondo jakin ezean, alde fisikotik ere badaude zaintzailearentzat arriskuak", dio Gorbeialdeko Kuadrillako gizarte langile Leire Espinosak.

Honela, etxea egokitzeko eta baliabide teknikoak eskuratzeko laguntza jasotzeko aukera ere izango da Zainduz Araba programaren barruan: "Joango zaizkie etxera ikustera nola duten antolatuta eta aholkatuko dituzte zainketarako beharrezko tresna, baliabide tekniko edo aldaketen gainean: komunean aldaketaren bat egitea komeni den, edo garabi bat behar duten, edo ohe berezi bat...".

Programaren barruan martxan jarriko duten beste neurri bat da aukera ematea mendeko pertsonak egun batzuk egin ditzan, hamabost gehienez, egoitza edo eguneko zentro batean, zaintzailearen atsedenari bide emateko, zaintzailearentzat eta mendeko pertsonarentzat kosturik gabe. Honez gain, oinarrizko prestakuntza ere eskainiko diete zaintzaileei, eta euren jarraipena egin, asebetetze maila ezagutzeko. Programan parte hartu ahal izateko mendekotasuna duen pertsonak balorazioa egina izatea ezinbestekoa da.

31k jasotzen dute dirulaguntza

Aramaion ere bada Aldundiaren programa honen onuradun izan daitekeen jendea; hala dio Espinosak: "Adineko jende asko dugu mendekotasunarekin, eta badaude adinekoak ez direnak eta mendekotasuna dutenak ere. Eta, gainera, herri bat izanda, familiakoak izaten dira, gehienbat, zaintzaileak".

Gaur egun, adibidez, mendekotasuna duten 46 pertsona daude Aramaion, eta familiako kideren batek zaintzen dituelako 31k jasotzen dute dirulaguntza. Zaintzaile horietatik, 24 emakumeak dira eta zazpi gizonezkoak.

Uztailaren 1etik aurrera egongo da indarrean Zainduz Araba programa. Udaletxean eskura daiteke informazio gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak