Bete egingo da Aramaion aspaldiko gogoa: musika etxea

Julen Iriondo 2019ko ots. 20a, 12:51

Aldundiaren Foru Planetik dirulaguntza jasoko du Udalak –109.000 euro–, eta asmoa da Pedro Inazio Barrutia kaleko azpiegitura atontzeko lanak aurten egitea –ondoren letorke janztea–. 246.000 euro egongo dira aurtengo udal aurrekontuan lanotarako.

Hamarkada bat bada Aramaioko Udala –Asier Agirre alkate zela– musika etxearen asmoarekin hasi zela. Kokalekua erabakita zen ordurako –izango duena–, eta asmoa zen bertara eramatea musikarekin lotutako herriko taldeak eta ekimenak, musika eskolak herrian bertan –Arrasate Musikalera joateko beharrik gabe– emateko aukera sortzea, besteak beste.

Urteak pasa dira, musika eskolak hasi ziren –Larraitz Arriolabengoa irakaslearen eskutik–, baina herriak musika etxerik gabe jarraitu du gaurdaino. Azpiegituraren kostuari aurre egiteko dirulaguntza lortuta, Udalaren aurtengo aurrekontuak jasoko du proiekturako dirua: 246.000 euro izango dira, eta horietatik 109.000 iritsiko dira Aldundiaren Foru Planetik; gainerakoa, Udalaren kontura, hasera baten, nahiz eta Lierni Altuna alkateak adierazi "beste dirulaguntzaren bat" lortzen ere saiatuko direla.

Iazko urriko osoko bilkuran izan zuten hizpide udalbatzako alderdiek musika etxearen gaia. Bertan aipatu zen azpiegiturari musikaz harago beste erabileraren bat emateko aukera aztertzea; hala eskatu zuen EAJk, musika kontuetarako erabiliko den orduetatik kanpo ere espazio hari erabilera emateagatik. Udal Gobernuak ere ez zuen aukera hori baztertu, eta gaur egun ere aintzat hartzen du: "Printzipioz egitura egingo dugu, eta gero denok, Udalaren eta erabiltzaileen artean, adostu beharko dugu ea beste erabileraren batzuk ere izan ditzakeen; badago ideia bat, adibidez, asteburuetan 12 eta 15 urte artekoentzako gaztetxoko moduan erabiltzeko, hor ere gabeziak badaude-eta herrian, baina, oraindik, hori dena pentsatzeko eta sortzeko dago", dio alkateak.

Larraitz Arriolabengoa, musika irakaslea: "Orain, espazio desberdinetan gaude, eta hau oso inportantea da"

Musika eskolak ematen ditu herrian –hastapena eta musika hizkuntza, eta pianoa, gitarra eta txistua–, eta Papargorri abesbatzako zuzendaria da.

Musika etxea edukitzea gero eta gertuago dago.

Urte askoan eskatzen ari garen gauza bat da. Aramaion jende pila bat gabiltza musika arloan, trikitixa eskola dago, txalapartariak ditugu, orain alboka ere ematen dugu, abesbatza pare bat gaude... Baina espazio desberdinetan ari gara, ez gaude elkarrekin harremanetan, eta halako gauza bat oso inportantea da. Sinergiak aprobetxatzeko. Noski, herri txiki baten, gainera, gauzak denon artean egin behar ditugu, eta musika arloan baita.

Gaur egun, San Martin eskola erabiltzen duzue musika eskolak emateko.

Dugun zortea da izugarrizko eskola dugula, eta guraso elkartearen aldetik beti izan dugu laguntza. Trikitixa eskolak ere erabiltzen du, baina moldatu gara bateragarri izateko.

Zer deritzozu musika etxeari beste erabileraren bat emateko aukerari?

Politikarien gaia da hori, baina, nire ustez, musikarako bakarrik izan behar du. Eta uste dut, gainera, erabilpen maila altua izango duela.

[Elkarrizketa osoa, bideoan]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak