AHT: Gobernuaren erantzunak ez du Udala asebete

Julen Iriondo 2019ko ots. 13a, 18:37

EH Bilduren Kongresuko diputatu Oskar Matutek Aramaio eta trenaren lanekin lotutako hainbat galdera egin zizkion Espainiako Gobernuari, eta bost hilabetera iritsi da erantzuna. Zehaztasun gutxi ditu alkatearen esanetan: "Adarra jotzen ari zaizkigu".

Matutek hainbat gairekin lotutako galderak egin zizkion Gobernuari: ADIFek egin beharreko konponketa lanei buruzkoak, batetik; eta lurren eta bideen jabetzari buruzkoak, bestetik.

Konponketei dagokienez, galdera bat, zehazki, Lugartegi baserriarekin lotutakoa zen. Hiru urte izango dira laster baserria eta trenbidea arteko euste-horma apurtu zela, eta presazko lanak egin ostean gehiago ez dela egin eta ingurua, "paisajistikoki, oso egoera txarrean" dagoela salatu du EH Bilduk, eta Gobernuari galdetu zion hango lanak noiz amaitzeko asmoa duen. Gobernuak erantzun du Lugartegiko lubakiaren konponketarako lanak lizitatu berri dituztela eta obrak aurten hastea dela asmoa –inguru hartakoak, lubakia zehazki aipatu gabe–.

Honekin lotuta, euste-horma apurtu izanaren arrazoiak eta erantzuleak zeintzuk diren aztertu ote den ere galdetu zuen EH Bilduk: "Akatsen bategatik izan da? Ez ziren urak ondo hartu? Guk ez dakigu, eta hori galdetu dugu. Bai, egia da euren obra bat dela, baina gure udalerrian da eta guri eragiten digu; eta ez dute inongo azalpenik ematen. Egin da azterketa? Edo, besterik gabe, beste hogeita piko milioi sartuko dituzte, egingo dute malda handiagoa eta listo?", dio Lierni Altunak. Gobernuaren erantzuna da aztertu dituztela balizko arrazoiak, gehiago zehaztu gabe.

Alkateak salatzen du "gauza batzuetan oso erraz eta justifikaziorik gabe" gastatzen dela dirua, eta "herriari eragiten dioten gauzetan" ematen duela "fabore bat eskatzen" ari direla: "Cuatrovientoseko pitzadurak, bidea eta errepiderako irteera; Lugartegiko uren hartzea; Zabola eta Untzilla arteko bidea; Zabolako saneamendua... Horrelako mila gauzari buruz ez dute ezer esaten", dio Altunak.

Egin beharreko konponketei buruz, Gobernuak erantzun du baietz, 2018 amaieran hasi zirela egiten, zer egitekoak diren zehaztu gabe, "bideren baten konponketa, partzelaren baterako sarbidea..." aipatuz; "aurremantenu kontratu" baten barruan.

Alkateak espero du lan horien artean egingo dutela, adibidez, Zabolako saneamenduarena: "Saneamendua apurtuta dago eurak sartu zirenetik, duela hamarretik gora urte; ea lortzen dugun aurre-mantenu kontratu horretan sartzea. Esaten digute asko eskatzen diegula, hodi asko direla... Baina hori zen momentuan eurek egin beharrekoa. Eta Untzillan ere azpiegiturak lur azpian sartzea eta obra zibila falta da; Udala egiten ari zela etorri ziren trenaren obra egitera, eta esan ziguten eurek bukatutakoan eurek egingo zutela, baina hamar urte luze pasa dira, eta berdin jarraitzen dugu, eta Untzilla auzoa oso gaizki dago".

Egingo dituzten konponketa lanen aurrekontuei buruz ere galdetu zuen koalizio abertzaleak; Lugartegikoei dagokienez, guneko lan zabalagoen aurrekontua emanaz erantzun dio Gobernuak; gainerakoan, Euskal Y-aren aurre-mantenu kontratuak 1,5 milioi euroko zenbatekoa duela adierazi du, baina Aramaioko lanetarako zenbat izango den zehaztu gabe dagoela oraindik.

Desjabetzeak eta bideak

EH Bilduren beste galdera sorta bat lurren eta bideen jabetzari buruzkoa izan zen. Batetik, zergatik ez zaion Udalari helarazten desjabetze guztiei buruzko informazioa; informazioa eguneratuta ez edukitzeak akatsak dakartzala zergak kobratzerakoan: "Desjabetze nagusiak, trenbidea doan lurretakoak-eta, eguneratuta dituzte, baina gero egin diren txiki denak ez. Landa zergaren zenbatekoa ez da hainbesterakoa, baina desjabetu bazaituzte eta bi metro koadro kendu badizkizute, hori gutxiago ordaindu beharko duzu, ezta? Eta gauzak ganoraz jarri". Gobernuak erantzun du ADIFek, ofizioz, AHTren lanak amaitutakoan egingo duela desjabetutako lurren inskripzioa erregistroan, baina norbanako jabeek badutela aukera eurekin lotutakoaren inskripzioa aurrez eskatzeko.

Bestetik, hainbat bidek publiko izaten jarraitzen duten edo ez ere ez du argi Udalak, itzuliko ote dizkioten: " ADIFek eskuhartzea izan duen erabilera publikorako bideak inguruko lanak amaitzerako utziko ditu formalki Udalaren esku", dio Gobernuaren erantzunak.

ADIFek eta Espainiako Gobernuak bakarrik ez, Jaurlaritzak ere dagokion erantzukizunagatik erantzutea nahi du alkateak; dio Batzar Nagusietara eta Legebiltzarrera arazo hauen berri ematera joan zenean animo eta zorte on esan ziotela. Uste du orain, Madril, "beste behin" ari zaiela "adarra jotzen". Baina Udalak jarraituko duela dio. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak