Sekulako festa senegaldarra 'Ir a Kurrin Kurrin' saioan

Julen Iriondo 2019ko ots. 2a, 14:27

Uda bat Senegalen liburuaren bueltan jardun zuten aurrena, eta afaria egin zuten gero, Senegalgo platerak eta hango erara –eskuekin...–; giro ederra izan zuten afalostean –bideokoa–, eta amaitzeko perkusioarekin-eta saioa egin zuten lagun senegaldarrek.

"Ikasleei geratu zaien sentsazioa da oso benetakoa izan zela; esperientzia bat izan zen", dio eskolako irakasle Nekane Arrondok Ir a kurrin kurrin ekimenaren oraingo edizioaz: "Astelehenean santa-eskean ibili ginen, eta etxe batetik besterako bidean Senegalgo kantuak abesten ibili ziren jo eta su; gero baserri aurrera iritsi eta: Santa Ageda bezpera dugu... kar, kar, kar".

Benetakoa, bai; izan ere, Bergarako senegaldarren konpainia izan zuten eskolako irakasle, ikasle eta gurasoek. Aurrez irakurrita eraman behar zuten Lur Gallastegi eta Susanna Martinen Uda bat Senegalen liburua komentatuz hasi zuten eguneko ekintza sorta. Talde txikietan jardun zuten, eta liburuak sentimenduez-eta ere badiharduenez, jolas moduko bat ere egin zuten ondoren, adimen emozionalaren arloa landuz.

Afaltzeko mahaian jartzeko garaia iritsi zen horrela; oilaskoa eta arroza oinarri izan zituen otordua, eta eskuekin egin zutena, Senegalgo erara, sardexka edo koilararik gabe: "Nagusi batzuei ere kosta zitzaien erreparoak gainditzea, baina sartu ginen harian eta, azkenerako, ondo".

Jaiaren azken zatia falta zen; jaitik gehien zuena, hain justu, nolabait; euren perkusio instrumentu eta berezko gorputz adierazpen aberats eta guzti etorri baitziren Aramaiora Bergarako afrikarrak. Jo zituzten hango doinuak, euren kantuak abestu, eta Senegalgo azoka bat bailitzan atondutako aretoan bildutakoei abesti haiek irakatsi eta dantzarako jarraibide batzuk eman. Eta erabat lortu zuten publikoa inplikatzea –izan zen hango bizimoduari buruzko galde-erantzunetarako tarterik ere–.

Ikaslearen onurarako, edozein moduz; baina sarri eginbehar legez hartzen direnak gozamenez nahasten badira, eraginkorrago bihurtzen direla gauza frogatua da. Aramaioko eskolan neskamutikoen irakurzaletasuna lortzeko beste pauso bat eman dute oraingoan ere; irakurzaletasuna, eta bizikidetza, hori baita Ir a kurrin kurrin –izena ikasleek proposatu eta bozketaz onartutakoa da– ekimenaren beste helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak