Aukera guztiak onartu, aniztasuna barneratu

Julen Iriondo 2019ko ots. 1a, 12:20

Sexu eta genero aniztasunaren gaineko tailerra egin dute astean kultura etxean, Aldarte elkartearen eskutik. Elkarteko Joseba Martinez de Gereñuk hainbat galdera jarri zituen mahai-gainean, eta euren ikuspuntua eman zuten parte-hartzaileek.

Saioan parte hartu zuen herritar batek pasarte hau kontatu zuen: "Parkean geundela, entzun nuen bizpahiru urteko ume batek nola galdetzen zion haur jaioberriarekin zegoen amari ea hura mutila edo neska zen. Eta amak erantzun zion: 'Alua dauka'. Umeak: 'Beraz, neska da'. Eta amak berriro: 'Alua dauka".

Pasarte adierazgarria eta martitzeneko saiorako ezin egokiago zetorrena, bi irakurketa, gutxienez, izan ditzakeena: zein errotua dagoen pertsonak bi multzotan sailkatze hori, hain adin txikiko haur batek ere horrela galdetzeraino; eta gauzak ari direla pixkanaka aldatzen, ama hark emandako erantzuna kontuan izanda.

Izendapenez –LGTBI siglen atzean dauden terminoak eta beste batzuk azaldu zituen Aldarte elkarteko kideak– eta sailkapenez jardun zuten saioan, eta sexu eta genero ikuspegietatik –genitalek baldintzatua, aurrenekoa, nortasun ezaugarriei dagokiena, bigarrena; orain arteko ikuskera nagusiaren arabera bata bestearekin norabide bakarrean lotu zitezkeenak–, gaur egun, ahotan darabiltzagun askotariko aukera eta konbinazioez; baita desberdinarekiko onarpenaz eta, ondo bidean, letorkeen benetako aniztasun egoeraz eta haren asimilazioaz.

"Ereduak hausten dituztenei izen batzuk jarri dizkiegu. Desberdina denari oso erraz jartzen diogu izen bat, eta ematen da diskriminazioa: zu ez zarelako gu", zioen Martinez de Gereñuk. Eta, horregatik, pertsona horrek irten behar du armairutik, adierazi munduari ez dela espero zuten bezalakoa. Gizateriaren historiaren oraingo momentuan, beraz, oraindik desberdin ikusteagatik izendatzen direnen onarpena eta bazterkeria eza dira erronka. Etorkizunak, ordea, bestelakoa behar du: sexu eta genero ezaugarriak direnak direla, maila bereko pertsonez osatutako gu bat, zu-rik gabekoa. Aniztasuna ezaugarri lukeen errealitate batek barnebilduko luke, berdintasunean, "edozein modu zeinetan pertsona garatu ahalko litzatekeen" dituen genitalak dituela ere, sailkatua izan gabe: "Adibidez, ez dugu klase sozialik egiten ile mota desberdinen arabera".

Hortik aurrera, hainbat kontu jarri zituen mahaiaren gainean Aldarte elkarteko kideak: adibidez, adin txikiko batek gai hauetan izan behar duen erabakimena; edo mediku batek edonorekiko izan dezakeena. Galderak jarri zituen, eta partehartzaileek eman zuten euren iritzia; erantzunak adostea da gizarteak parean duen erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak