Euskal Herrian sortutako txanponak, liburuan

Miren Arregi Amasorrain 2018ko uzt. 27a, 15:13

Txanponen bilduma egiteari ekin zion, 25 urterekin, Aramaion bizi den Pablo Maria Beitiak. Orain, 73 urterekin, urte hauetan guztietan egindako lana liburuan batu du. 'Moneda de Euskal Herria' izena eman dio miresmenez begiratzen dion horri.

Txanpon bilduma-sorta ederra du etxean Marinen jaio eta Aramaion bizi den Pablo Maria Beitiak. Antzinarokoak, Greziako zibilizaziokoak, erromatarrak, Erdi Arokoak... Ehunka eta ehunka bildu ditu 25 urterekin bilduma osatzeari ekin zionetik hona. Ikasketak bukatuta, Alacantera egindako bidaia batean piztu zitzaion txanponekiko miresmena. Luis XIV.aren garaiko txanpon bat ikusi zuen han, eta txunditurik gelditu zen. Txanpon haien bitartez, historiako pasarte garrantzitsuak ezagutzeko aukera ikusi zuen bere aurrean. Ordutik hona, bere zaletasun handiena bilakatu da. "Azoketan erosten ditut, enkanteetan eta, askotan, bildumagile partikularrei", dio Beitiak. Izan ere, ez dira asko txanpon-bildumak egiten dituztenak. "Nafarroan badaude gutxi batzuk, baina hemen inguruotan ni neu naiz bakarra".

Mundu osoko txanponak bildu ditu urteen joanarekin. Mundu osokoak eta garai askotarikoak. Baina beti izan du Euskal Herrian eginiko txanponekiko sentsibilitate berezia, eta, hain zuzen, txundidura horrek bultzatuta argitaratu berri du Moneda de Euskal Herria izeneko liburu mardula. Miguel Ibañez Artigaren, Luis Ignacio Azconaren, Esteban Indurainen, Angel Gastonen eta Jean Francois Soulen kolaborazioak ditu horrek.

Kristo aurrekoak

Duela bi urte inguru Pirinioetan agertutako txanponak dira liburuari hasiera ematen diotenak. Kristo aurreko 350. urte ingurukoak dira horiek. Oso txanpon primitiboak, zilarrezkoak. Zirkuluak irekidura bat du zizelarekin eginda. "Euskal Herrian egindako txanpona dela badakigu, eta eragin grekoa du".

Hortik abiatuta, XX. mendera arte Euskal Herrian egindako txanponak jasotzen ditu liburuak. Esaterako, garrantzi berezia ematen die Kristo aurreko II. mende inguruan Turiasu hirian egindakoei. Turiasu zeltiberiar hiri bat izan zen, gaur egungo Zaragozako Tarazona inguruan kokatzen zena. Adituek diote izen hori euskarazko iturri izenetik datorrela. Turiasuk txanpon propioa izan zuen, eta, hain zuzen ere, Turiazu izeneko txanpon fabrikan egindako monetari, kutsu euskaldunekoa izateaz gain, euskara azaltzen delako ematen dio Beitiak garrantzi berezia. "Errepublika erromatarraren garaiko txanpona da. Errepublikak errespetatu egin zituen euskal hizkuntza eta eragina", dio Beitiak. "Gero, Erromatar Inperio garaian, Augustok dena desagerrarazi zuen".

Oñatiko fabrikan egindakoak

Debagoieneko txanpon fabrika batean egindakoak ere jaso ditu liburuan. "Hirugarren Karlistaldian, Carlos VII.ak Oñatin zuen txanpon fabrika. Txanpon asko egin ziren bertan, baina gehienak galdu egin ziren. Gaur egun, oso gutxi daude eta oso zaila da horiek lortzea, oso garestiak baitira. Zilarrezko eta brontzezko txanponak dira", dio Pablo Maria Beitiak. Liburua Elkar liburu dendan egongo da eskuragarri, baita Aramaioko okindegian ere, 30 euroren truke

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak