"Zer jakin beharko luke 12 urteko aramaioar batek Aramaiori buruz eskolatik alde egiterakoan?" Galdera horri erantzuteko asmoarekin elkartu ziren orain dela hiru urte San Martin Eskolako, Guraso Elkarteko eta Udaleko ordezkariak, beste hainbat herritarrekin batera, eta orain arte egindako lanaren emaitza erakutsi gura izan diete aramaioarrei. Egubakoitzean elkartu ziren horretarako kultura etxean.
Porrotxen umorea lagun
Luxuzko gonbidatuak egin zien lagun ekitaldian, Porrotx pailazoak. Herri curriculuma zer den azaldu zien horrek zapi koloretsuen bidez: "Berdea, gure zelaiak, natura; urdina, zerua, ibaiak…; horia, eguzkiaren berotasuna; morea, emakumeak eta horien indarra; gorria, alaitasuna; laranja, gure ortuetako produktuak…", eta horiek guztiek bat eginda ortzadarraren bandera sortu zuten. Hala, Aramaioko jakintzak, hizkuntzak, historiak, ondareak, bizimoduak, ohiturek, balioek… bat eginda osatu dute herri curriculuma.
Aramaioko Herri Curriculuma (AHC) lantzen diharduen Itziar Blazquez Herrarte gurasoak azaldu zien kultura etxean elkartutakoei horren zergatia: "Herri batek duen nortasuna eta berezitasuna ezin du definitu kanpotik datorren curriculum batek, hortaz, euskal curriculumaren osagarria izango da gurea". Eta horretarako herritarren parte-hartzea eskatu zuten helburua delako herritik jasotakoa (kultura, ondarea, jakintza…) eskolara eroan, eta, eskolan landutakoa herrira itzuli.
Aramaioko nortasunaren eta berezitasunen berri ikus-entzunezkoan jaso dute, Mondragon Unibertsitateko ikasle Asier Errastiri esker. Eta hori ere aurkeztu zieten herritarrei.
Ekitaldia aurrera zihoala orain arte lanean jardundakoak eskertu gura izan zituzten, eta Porrotxek diplomak banatu zizkien hainbat laguni. Bukatzeko, Manolo Urbietaren kanta pare bat abestu eta dantzatu zituzten elkartutako guztiek familia giroan, elkarri eskua emanda eta puxikek lagun eginda.
Antolatzaileak pozik
Herri curriculumean lanean dihardutenak pozik ziren bukaeran: "Bagenekien jendea etorriko zela, baina pozgarria izan da hainbeste ikustea".
Behin horren berri emanda hurrengo pausoetan pentsatzen hasita daude: "Iaz sekuentzia didaktiko bat jarri zen abian. Eta orain bilketa bat egingo da: hainbat herritarri elkarrizketak egin historiaren gainean, ogibideen gainean… hainbat gairen gainean. Horrekin baliabide batzuk sortuko dira eskolan sekuentzia didaktiko batzuk egiteko, irakasleak ondo antolatutako tresnak izan ditzan, Aramaiokoa izan edo ez, hobeto lan egin ahal izateko".