"Lehengo bizitza guztiz ahaztuta daukat"

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 14a, 14:56

Maider Unda, bere etxe atarian.

Urte osoan egiten aritu diren olinpiadei bukaera emateko, omenaldia egingo diote bihar, egubakoitza, Maider Undari (Oleta, 1977). 19:00etan izango da emanaldia, kiroldegian, eta borroka erakustaldi bat ere egongo da. Bestalde, Herriko kiroldegiak haren izena izango du aurrerantzean, udalbatzak aho batez onartu ostean. 2016ko azaroan esan zion agur eliteko kirolari aramaioarrak.

Urtebete da borroka utzi zenuela. Nola doa zure egunerokoa orain?

Lehen neraman bizitza erabat ahaztuta daukat. Orain, beste dinamika batean murgilduta nabil, guztiz desberdina dena.

Faltan igartzen duzu lehengo bizimodua?

Gauza batzuk bai. Adibidez, lehen, deskonektatzeko denbora har nezakeen. Orain, ia ezin dut deskonektatu lanetik.

Lehengo presioa alde batera utzita?

Nik ez dut sekula presio hori sentitu. Neure burua asetzeko egiten nuen kirola, ez besteentzako. Beste dinamika bat eramaten nuen, eta ez nintzen kontziente halako pisua neukanik gainean.

Zure etxeko negozioarekin gustura?

Bai. Artalde bat daukagu, eta, artaldea zaintzeaz gain, esnea batu eta gazta egiten dugu, ondoren saltzeko. Bestalde, bisita gidatuak eskaintzen ditugu etxean, gazta baten atzean dagoen lana zein den ezagutarazteko, eta horrek ere bete egiten nau. Lan asko izaten dugu, batzuetan gainezka ere ibiltzen gara, baina denboraldi amaieran, emaitzak ateratzen direnean, sentitzen dugun poza handia da.

Borroka erabat utzita duzu?

Ez. Borrokako eskolak ematen ditut Otxandion, astean behin, eta Gasteizera ere joaten naiz noizean behin eskolak ematera. Otxandion bi talde ditugu, 5 eta 9 urteko haurrekin. Ni txikienekin aritzen naiz –hamabost ume– eta Koikili Lertxundi nagusienekin egoten da –hamabi ume–.

Jarraitzen duzu gaur egungo borroka librea nola doan?

Bai, internet bidez aukera dut eta jarraitzen dut. Gainera, Espainiako Federazioko zuzendaritza batzordean nago, eta horrek era behartzen nau jarraitzera.

Eliteko kirolean erreferente bilakatu zara. Nabaritu duzu zuk hori?

Jabetu naiz, baina nire ibilbidearen bukaeran, azken urteetan. Esan dudan moduan, kirola nire buruarendako egin izan dut, eta ez komunikabideek ni jarraitzeko. Jakina, nire lanak emaitzak eman ditu eta guztia lotuta doa. Jende askok zoriondu izan nau, eta hori asko eskertzen dut.

Aramaioko herrian, jaso dituzu zorion eta maitasun keinu horiek?

Aspaldidanik naiz herriko alaba kutuna; beraz... Gainera, gertutik ezagutzen nauen jendeak badaki zenbat lan dagoen goi mailako kirolari baten atzean, eta haien babesa sentitu izan dut beti. Ezin naiz kexatu.

Omenaldi bat ere egingo dizute, urte osoan zehar egiten aritu diren olinpiadei amaiera emanaz.

Hala da, eta niri egindako aitortzaz gain, Aramaioko Udalak kirolari ematen dion garrantzia adierazten du horrek. Hori inportantea da, datozen belaunaldiek kirola oinarritzat har dezaten, eta egunerokoan kirolak duen garrantziaz ohar daitezen.

Borroka erakustaldi bat ere eskainiko duzue kiroldegian.

Hori da. Arabako Federazioak antolatu du, eta helburua da gure ikasleek –Otxandiokoak eta Gasteizkoak– parte hartzeko aukera izan dezaten. Eliteko borrokalariak etorriko dira eta umeek, parte hartzeaz gain, aukera izango dute lehia bat ikusteko, ez dute eta inoiz ikusi. Niri ere parte hartzea tokatuko zait, seguruenik.

Aurrera begira, ze asmo dituzu?

Baserriarekin, ez dago epe luzera begiratzerik, egunerokoan zentratuta nago. Borroka klaseak ematen ere jarraituko dut, eta behar ditugun azpiegiturak –leku egoki bat, koltxonetak...– lortzeko ahaleginean ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak