Maider Unda izena edukiko du aurrerantzean Aramaioko kiroldegiak

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 1a, 10:14

Azaroko osoko bilkuran aho batez onartu du udalbaltzak herriko kiroldegiari Maider Unda izena ematea –gaur egun ez du izenik–. Kanpora begira, kiroldegiari erreferentzia egiteko izen hori erabiltzeko konpromisoa hartu dute, bai EH Bilduk, baita EAJk ere, "bestela ez duelako ezertarako balio izena jartzeak".

Bestalde, hasierako onarpena eman zaio Aramaioko udal bide publikoen inbentarioaren lehen faseari. Andoni Erkiaga EAJko zinegotziak "zoriondu" egin du Udal Gobernua, inbentarioa egiteagatik. Era berean, proposamen bat egin du, Arabako Foru Aldundiko erregistroan jasota dauden udal bideak ere inbentarioan jasotzea, hain zuzen. "Kode desberdinak dituzte gaur egun eta egokia litzateke guztiek kode bera edukitzea", azaldu du. Udal Gobernuari "egokia" iruditu zaio proposamena, eta onartu egin du.

Gai honi helduta, herritar bat kexu azaldu da osoko bilkuran, adieraziz "pribatua den bide bat publikotzat" jaso dela inbentarioan. Orain izango du alegazioa aurkezteko aukera. Izan ere, udalbatzak behin behineko onarpena egin ostean, ALHAO-n (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) publikatuko da eta behin publikatuta, 30 laneguneko epea izango da alegazioak aurkezteko.

Horrez gain, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskarak langile nahi eta behar gaitu urtean 365 egunez adierazpena ere aho batez onartu da.

EAJren mozioa

EAJk mozio bat aurkeztu du. Osoko bilkuren aretoan dauden bi fusilei erreferentzia eginez, zera dio testuak: "hitzaren eta zentzuzko jokabidearen aurkari nabarmena diren bi objektu: iragan denboran erabilitako bi fusil, baioneta eta guzti. Ondare historikoa diren aldetik, horiek zaindu eta gorde beharrari bizkarra eman gabe, arma horiek lekuz kanpo daudela uste dugu.

Gauzak horrela, honako mozio hau onartzea eskatzen diogu udalbatzari:

1-Udalbatzaren aretoan kokatuta dauden fusilak kentzea.

2-Fusil horiek, garai bateko ondare historiko mingarri bezain arbuiagarri direnak, Arabako Foru Aldundiaren baitan ondare historikoaz ardura duen zerbitzuaren esku uztea, zaindu eta gorde ditzan".

Udal Gobernuak erantzun du esanez Aramaion ez dagoela museorik eta ondareak gordetzea beharrezkoa dela. "Jendea kexatu egiten da Aramaioko ondareak herritik eramaten dituztelako. Eraman ezkero, askotan, ezin dezakegu jakin zer gertatu zen", adierazi du Martin Arriolabengoak, EH Bilduko zinegotziak.

Roman Berriozabal EAJko zinegotziak, bere aldetik, eskaera "etikoa eta estetikoa" dela nabarmendu du.

Eztabaidaren ostean, bi taldeek adostu dute mozioaren bigarren puntua ezabatzea eta lehenengoa onartu dute, "baldin eta leku aproposago bat" aurkitzen badute fusil hauek gordetzeko.

 

Osoko bilkura aretoan dauden bi fusilak.

Aita Gabirel jauregiko urbanizazioa

Aita Gabirel jauregiko urbanizazioa ofizialki Udalarena bihurtzeko onarpena eman da. Izan ere, etxebizitza hauek egin zirenean beharrezko tramiteak ez ziren behar bezala gauzatu. Orain, bizilagunek egin dituzte Udalak eskatutako hainbat konponketa eta beharrezko tramiteak egingo dira berau gauzatzeko.

Aita Gabirel jauregiko etxebizitzak. Argazkia: Aramaioko Udala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak