Lierni Altuna: "Arrasaterainoko bidegorria eta saneamendu lanak bideratuta utzi nahi ditugu"

Eneko Azkarate 2017ko aza. 15a, 08:10

Goiena telebistan izan da Lierni Altuna Aramaioko alkatea. Musika etxea; aparkalekuak eta kaleak oinezko bihurtzeko asmoak; bidegorria eta ur zikinen saneamendu lanak; biomasa proiektua; gimnasioa; eskola… gai asko eta askotarikoak izan ditu berbagai.

Harira saioan egon da Altuna aste honetan, eta herritar batek helarazitako kezka batek zeresana eman du. Hain zuzen ere, jendeak autoa espaloi gainean, zebra-bidean eta plazan bertan aparkatzen duela zen kexu herritarra. Altunak adierazi du benetako "arazoa" dela, eta Udala jakitun dela. "Marra zuriak eta horiak berritzen ari gara, pixkanaka, eta Nardeagan eta plazan pibote batzuk jarri gura ditugu. Lehenengo, ondo definitu behar dugu non aparkatu daitekeen eta non ez, eta, behin hori eginda, serio jarri beharko dugu. Hala ere, guztiok dakigu espaloian ezin dela aparkatu, kontzientziazio kontua ere bada", azaldu du alkateak.

Oinezkoentzako gunea ere izan du hizpide. "Berez, harlauza dagoen lekua oinezkoendakoa da, baina ez da errespetatzen, eta autoak azkar ibiltzen dira hor, gainera. Hala ere, etorkizunean oinezkoentzako gune gehiago egotea gurako genuke. Udalak arazotzat dauka kontu hau".

Parke publikoa

Parke publikoaren egoerak ere eman du zeresana. Hainbat herritarrek euren kexua adierazi dute, esanez parkeak hobetu beharra daukala –lurzorua egokitu, apurtuta dagoen kulunka konpondu, egurraren egoera txarra...–, eta alkateak ere bat egin du herritar horiekin. "Parke publikoak hobetzeko premia daukala argi dago. Aurreikusita daukagu, eta 2018ko aurrekontuan sartu gura ditugu konponketa lanak", azaldu du.

Bidegorria eta saneamendua

Agintaldia bukatu baino lehen bi proiektu lotuta utzi gurako lituzke alkateak. Alde batetik, saneamendua Arrasatera bideratzea, hau da, Aramaioko ur zikinak Edar-Epeleko araztegira bideratzea. Alkatearen esanetan: "Gipuzkoako Urak partzuergoarekin berba egin dugu eta proiektua bideragarria dela dio". Bestalde, Arrasaterainoko bidegorria ere lotuta gura luke. Hala ere, zail ikusten du agintaldia bukatu baino lehen bukatuta izatea. "Foru Aldundi mailan proiektatuta daude bi gai horiek. Hala ere, luzerako kontuak dira, eta zaila izango da agintaldi amaieran errealitate izatea", azpimarratu du.

Biomasa

Biomasaren proiektuari dagokionez, Altunak adierazi du Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) erantzunaren zain daudela. "Gertatzen dena da Eusko Jaurlaritzaren eta EEEren esku dagoela proiektua. Iaz gasaren prezioa jaitsi egin zen eta esan ziguten birplanteatu egin behar zela. Txikitik handira egitea gura dugu. Hau da, eraikin publikoak biomasa bidez asetzen hasi –eskola, kultura etxea, udaletxea, eta abar– eta zabaltzen joan, pixkanaka. Bidali diogu planteamendu hori EEEri eta ea laster plan berria egiteko prest gauden", dio.

Zabola eta Untzilla

Udalak Adif enpresa publikoarekin gorabeherak izaten jarraitzen du. Izan ere, enpresak konpromisoa hartu zuen AHTren lanen ondorioz kaltetutako Zabolako eta Untzillako auzoak konpontzeko, baina oraindik ez dute konpondu. "Beti atzeratzen dituzte lan hauek, oraindik ulertzen ez dudan arrazoiarengatik".

Beste kontu batzuk

Abenduaren 15ean Maider Undari omenaldia egingo diote kiroldegian, olinpiadei bukaera emateko. "Emakume kirolari askorentzako eredu da, eta izena eta aitortza eman nahi diogu omenaldi horrekin".

Bestalde, Tellamendiko gertaeren gaineko liburua Gabonetan aurkezteko asmoa dute. Sabin Aranburu testigantzak eta argazkiak jasotzen ibili da, zer gertatu zen, herriak nola erantzun zuen eta abar, eta bera dabil liburua idazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak