Otsailaren 5ean Langraizen hasi zen Arabako Bertsolari Txapelketa eta igande arratsaldean Zigoitian jokatu zen txapelketako bigarren finalaurrekoa. Arabako bertso eskolen sarea irudikatu nahi duen amarauna eszenatokian zela, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabi Igoa aramaioarrak, Iñaki Viñaspre, Jagoba Apaolaza eta Serapio Lopezekin batera lehiatu ziren finalaurrekoan. Bertsolariek hamairu bertso puntuagarri kantatu zituzten eta Xabi Igoak irabazi zuen 239 punturekin, Iñaki Viñaspreren aurretik. Bigarren itzulian Laudion abestuko du Xabi Igoak martxoaren 12an.
1992an jaioa, Igoaren seigarren partaidetza da Arabako Bertsolari Txapelketan eta 2015an finalean egotea lortu zuen. 2010an Kuadrila arteko txapelketan irabazle suertatu zen Aramaioko taldearekin eta 2015etik Arabako Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna da.