Arabako bertsolari txapelketa hasteko prest

Xabi Gorostidi 2017ko urt. 27a, 12:00

Zapatuan egin zuten aurkezpen ekitaldia Laudion, duela 35 urte Arabako Bertso Eskolaren lehen urratsak hartu zituen 'El Tunel' tabernan. Otsailetik apirilera arte iraungo du, eta lehian dauden hamazortzi bertsolarien herena aramaioarrak dira.

Hasteko irrikaz dago Arabako Bertsolari Txapelketaren 13. edizioa, are gehiago pasa den zapatuko aurkezpen ekitaldiaren ostean.

Leku berezian egin zuten gainera; Laudioko El Tunel tabernan, hain zuzen. Hura izan zen 1982an, duela 35 urte, Arabako Bertsolari Eskola bilakatuko zenaren lehen urratsak teilatupean hartu zituen ostatua. Urteurren borobil hura aitzaki hartuta, bertan atera zuten familia argazki partaide eta antolatzaileek.

Sei finalaurreko eta finala

Azken edizioan legez, aurten sei finalaurreko jokatu dira sailkatutako hamazortzi bertsolarien artean, bakoitzak bi saiotan abestuko duelarik.

Lehen hiru finalaurrekotan abestuko duten bertsolariak aurrez definituta daude, eta bertan lortzen duten puntuazioaren arabera laugarrenean, bosgarrenean edo seigarrenean abestuko dute. Faktore hau garrantzitsua izan daiteke bertsolari aramaioarrentzat, seigarren finalerdia Aramaion bertan jokatuko baita, eta etxekoen babesa lagun izan dezakete finalerako txartela poltsikoratzeko.

Lehen finalaurrekoa datorren zapatuan jokatuko da Langraitzen, eta bertan abestuko dute Manex Agirrek eta Peru Abarrategik. Bigarrena Zigoitian izango da, Xabi Igoaren, Iker Agirreren eta Andere Arriolabengoaren presentziarekin. Hirugarrenean, Paula Amilbururen txanda izango da, oraingo honetan Dulantzin.

18 bertsolari trebe

Azken edizioko bost finalistek eta kanporaketa fasean puntuazio altuenak jaso dituzten hamahiru bertsolariek izango dute 2017ko txapela janzteko aukera.
Gaztetasunaren eta esperientziaren arteko lehia ez da faltako. Peru Abarrategi aramaioarra izango da bertsolaririk gazteena, 20 urterekin. Zaharrena, aldiz, Rikardo Gonzalez de Durana, 58 urterekin. 2015eko finalean bi aramaioar izan ziren, Agirre eta Xabi Igoa, eta zifra hori hobetzea marka itzela izango litzateke. Zorte on denei!

35 urteko ibilbide oparoa

1982an antolatze lanak hasi baziren ere, 1993an sortu zen. Diru-irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da eta bertsolaritzaren etorkizuna ziurtatzea du helburu.
Lan profesionala eta borondatezkoa uztartzen ditu eta gainontzeko elkarte eta herri instituzioekin elkarlanean lantzen ditu proiektuak, Arabako herrietako bertso-eskolekin batera lan eginez. Era berean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen partaidea da Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldearekin batera.
Arabako Bertsozale Elkarteak 150 bazkide inguru ditu eta Gasteizko Amaia Zentroan du egoitza, 2002. urteaz geroztik.

Egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskolak daude, eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da. 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketa arrakastatsuak ilusio eta indar berriez bete zuen Bertsolarien Elkartea 2010era begira, eta hazteko gogoz, Arabako Kuadrilla artekoa antolatu zen.  2011.urtean.  Arabako Txapelketa laugarren garaian sartu zen, eta geroztik bi urtetan behin jokatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak