Akordioa, Otxandio eta Oleta lotuko dituen bidegorria egiteko

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 1a, 18:34
Iturria: Arabako Foru Aldundiko Hirigintza Saila

Otxandioko eta Aramaioko Udalek eta Oletako Batzar Administratiboak hitzarmena sinatu dute Oleta eta Otxandio artean bidegorria egiteko. Horretaz gain 'Limitaue' lursailaren mendeetako gatazka gainditzeko konpromisoa azaldu dute bi Udalek.

Urtarrilaren 26an egindako osoko bilkuran, Aramaioko Udal ordezkari guztiek baiezkoa botoa eman zuten Oleta auzoa Otxandiorekin lotzeko bidegorria egiteko hitzarmena sinatzeko.

Era horretan hiru aldeko akordioa lortu da, Otxandioko eta Aramaioko Udalen inplikazioarekin eta baita Oletako Batzar Administratiboarenarekin. Bidegorria egiteko proposamena Otxandioko Udaletik etorri da, bidea azken sei mendeetan eztabaidagai izan den El Limitado lursailetik igaroko delako. 592 hektareako lursail hau Oleta, Legutio eta Otxandio artean kokatzen da.

Limitaue-ren gatazka

Kondairak dio Aramaio eta Otxandio arteko muga apustu baten bidez ezarri zela. Egunsentiko oilarraren kukurrukuarekin bat, herri bakoitzetik korrikalari bat atera eta hauek elkartzen ziren tokian muga ezartzea adostu zuten. Aramaioko oilarrari kandela jarri omen zioten kukurrukua lehenago egiteko, eta hori dela eta bi korrikalariek ia Otxandion egin zuen topo.  

Baina kondairatik harago, badaude Limitaue-ren jabegoari buruzko datu historikoak. Jesus Maria Elejaldek idatzitako Ayer y hoy del valle de Aramayona liburuan jasotzen denez,  XV. mendetik dator lur hauen jabetzaren eta erabileraren gaineko eztabaida.

1457. urtean Doña Elvira de Leyvak, Juan Alonso de Mujika Aramaioko jauntxoaren amak, Limitaue-ko lurren gozamen-eskubidea eman zion Otxandioko Udalari. "Desde agora en adelante y para siempre jamás damos e entregamos al Concejo  de la villa de Ochandiano el uso e frutos, aprovechamiento de cualesquiera tierras...".  

Ordutik hainbat auzi egon dira gai honen inguruan, baina kontzeptu hauek nahiko argi mantendu dira; gozamen-eskubidea Otxandiorena dela, eta lurraldetasuna eta jurisdikzioa Aramaiori dagozkiola.

Gatazka gainditzeko borondatea

Hitzarmenaren helburu nagusia, gatazka historikoa alderatu, eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea eta mugikortasuna hobetzea izan da.

Hitzarmenean bertan aipatzen  denez "adierazten dugu bailararen garapenak eta bertan bizi diren bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea izan beharko lukeela helburu nagusia. Garapen eredu iraunkorrago bateranzko bidea egin nahi badugu, beharrezkoa da pertsona eta merkantzien mugikortasuna arrazionalizatzea."

Baina bidegorria egiteko akordioaz gain, gatazka historikoaren eraginak leundu, eta berau gainditzeko urratsak emateko konpromisoak ere hartzen ditu barne hitzarmenak.

Bertako zazpigarren puntuan argi eta garbi azaltzen da borondate hori. "Gatazka historiko honek pizgarri bihurtu beharko luke liskarra gainditu eta bi udalerrien arteko lankidetzarako esparruak garatzeko. Zentzu horretan, hitzarmen hau aro berri baten lehenengo pausuetako baten gisa irudikatzen dugu". 

Lanak zatika

Bidegorria egiteko inbertsioa handia denez, proiektu zatika garatzea adostu dute. Aramaioko Udalak ez du aurreikusten epe laburrean bidegorria egiten hasteko aukera ekonomikorik izango duenik. Otxandioren kasuan, aurten lanak hasteko asmoa adierazi dute. Zehazki, lehentasuna eman nahi diote Otxandioko Mainondo ikastetxea eta Etxebarri baserria lotzen dituen oinezko bide zatiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak