Aramaioko Udalak aditzera eman ditu 2017 urte hasierako erroldatze datuak. Datua urtarrilaren 1ean ateratako argazkitik dator, eta iazko data berdinarekin alderatuta Aramaioko biztanle kopurua berdin mantentzen da, 1.499 biztanletan. %52,84a gizonezkoak dira eta %47,16a emakumeak, eta iaztik hona hiru gizon gehiago daude.
Altak eta bajak orekatuta
45 alta eta 45 baja egon dira azken urtean. Altei dagokionez, 8 jaiotako eta 37 etorritako izan dira.Bajak desglosatuz gero, 10 hildako eta 35 joandako daude. Hazkunde naturala, beraz, negatiboa izan da, baina etorritakoen eta joandakoen datuarekin orekatzen da.
1.499-eko zifra edukitzeak badu bere eragina. Kontu administratiboei dagokionez, 1.500 biztanletik behera izatea diru-laguntza gehiago edo gutxiago jasotzea eragiten dezake, bake epaitegien finantziazioa kasu.
Auzokako desglosea
Datuak auzoka aztertuz gero, ez da gorabehera handiegirik egon. Azken urtean igoera handienak izan dituztenak Ibarra eta Oleta izan dira, 9 eta 8 biztanle gehiagorekin hurrenez hurren. Jaitsiera nabarmenenak, aldiz, Arexolak eta Barajuenek izan dituzte 5 biztanle gutxiagorekin. Ibarra da biztanle gehien batzen dituena, 893rekin, jarraian Azkoaga 157-rekin, eta azkenik, Oleta 120rekin.
AUZOAK | BIZTANLEAK | EMAKUMEZKOAK | GIZONEZKOAK | IAZTIK HONA |
Arexola | 54 | 22 | 32 | - 5 |
Azkoaga | 157 | 72 | 85 | -1 |
Barajuen | 87 | 40 | 47 | - 5 |
Etxaguen | 21 | 10 | 11 | = |
Gantzaga | 25 | 11 | 14 | = |
Ibarra | 893 | 422 | 471 | + 9 |
Oleta | 120 | 60 | 60 | + 8 |
Untzilla | 73 | 6 | 67 | - 1 |
Uribarri | 76 | 37 | 39 | + 2 |
Batez besteko adina beherantz
Azken urtean ez dira datuak gehiegi aldatu, baina begirada hamar urte atzera botata datu esanguratsuak daude, izan ere, aramaioarren batez besteko adina zazpi urte jaitsi delako. 2007 datuei erreparatuta gizonezkoen batez besteko adina 51koa zen eta emakumeena 52koa. Beheranzko tendentzia horren erakusle da 2012an batez bestekoa 47 urtekoa zela, bai gizonezkoetan eta emakumezkoetan. 2016 eta 2017 urteetako datuak Aramaioarren batez besteko adina 44 urtekoa dela erakusten dute. Albiste ona izan daiteke, baina azken hamar urteetan 30 urtetik beherakoen portzentajea %30ean mantendu da.