Euskararen etorkizuneko erronkez jabetzeko saioa

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 23a, 12:32

Patxi Uribarren idazle eta euskaltzaina jaioterrira itzuli zen atzo, martitzena, Euskara lehen, orain eta etorkizunean izeneko mintzaldia eskaintzera. Gaur egun hizkuntzak dituen hainbat arrisku mota aipatu zituen, eta euskara salbatuta ez dagoela ere ohartarazi zuen.

Patxi Uribarren idazle eta euskaltzainak Markinako karmeldarren egoitza utzi eta bere sorterrira itzuli zen Euskara lehen, orain eta etorkizunean deituriko hitzaldia egitera.  

Euskararen eta euskalkien etorkizunari buruz mintzatu zen hasieran. Bertan aipatu zuenez, hizkuntzaren eremu geografikoa gero eta zabalagoa da. Telebistaren, interneten eta telefono mugikorren erabilerarekin mundu guztiko eraginak jasotzen ditu hizkuntzak eta hori hizkuntza gutxituentzat arriskutsua izan daiteke.

"Horren eraginez, besteen eremuan gero eta sartuago gaude. Beraz, ez baditugu espazioak topatzen gure hitzak erabiltzeko edo gure hartu emanak euskaraz egiteko, hizkuntzaren eremua arriskuan egin daiteke".

Euskal hiztunen artean ere joera arriskutsuak sumatzen ditu. Euskaraz hitz egiterakoan gaztelerara salto egiteko ohitura handia dagoela esan zuen, batez ere, zailtasuna duten esaldiak egiteko. "Autobusean noanean sarri ikusten dut joera hori; zailtasun apur bat duten espresiotarako gaztelerara salto egitea. Horrela euskaraz mintzatzeko erreflexuak galtzen ditugu. Hizkuntza erreflexu kontu bat da, hitz egin behar da, ohitura da".

Hitzaldiaren bigarren zatian luze eta zabal jardun zuen hiztegien inguruan. 1982tik dabil hiztegigintzan murgilduta, eta bere esanetan gaur egun hiztegiak ez dira errentagarriak. Ordu asko eskatzen dituen jarduna da eta hauek finantzatzea ez da bideragarria.

"Guk aurretik landutako oinarriari esker jarraitzen dugu hiztegiak elikatzen. Interneten dago hiztegien etorkizuna, baina hori ere elikatu beharko da, eta horrek lan handia dago. Interneten hiztegia doakoa da, baina informatikarien lana eta hiztegia elikatze dutenena nolabait ordaindu behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak