Aramaioko San Martin eskolako egoerarekin arduratuta daude herrian

Arantzazu Ezkibel 2016ko eka. 24a, 09:48

Hezkuntza sailaren proposamenaren arabera datorren ikasturtean 3 eta 4 urteko umeak gela bakarrean egongo lirateke. Horrek ekarriko du bi irakasle gutxiago izatea. Gurasoak kezkatutako daude egun dituzten proiektuak aurrera ateratzeko baliabiderik ez dutelako izango. Udalaren babesa jaso dute irakasle eta gurasoek.

Hezkuntza sailaren proposamenak kezka sortu du San Martin eskolako guraso eta irakasleen artean. Datorren ikasturteari begira bi ume gutxiago izango ditu eskolak haur hezkuntzan; hori horrela, 3 eta 4 urteko umeak gela bakarrean elkartuko dituzte. 10 gela izatetik bederatzi gela izatera pasako dira –ondorioa da lerroa galtzea–. Lerroa galduta, 2016-2017 ikasturteari begira bi irakasle gutxiago izango ditu San Martin eskolak. "Hala ere, eskolak, bere osotasunean, ikasle bat gehiago izango du datorren ikasturtean", azaldu du Eli Izagirre eskolako zuzendariak. Murrizketa horrek "eragina eta zailtasunak" ekarriko ditu eskolako proiektuetan.  

Alegazioak aurkeztu dituzte 

Bai eskolak eta baita gurasoek ere alegazioak aurkeztu dituzte hezkuntza ordezkaritzan. Eskolako gurasoak ez daude umeak elkartzearen aurka, baina uste dute "irakasleek formazio" izan behar dutela egoera horri aurre egite. "Gainera, 3 eta 4 urteko umeen beharrak oso ezberdinak dira; izan ere, gela berean ia bi urteko aldea izango duten haurrak egongo dira, eta fardelari dagokionez, siestari... beharrak ezberdinak dira", diote gurasoek. 

Gurasoak oso gustura daude eskolak orain arte emandako eskaintzaz; bai eskola orduetan, eta baita eskola orduetatik kanpo egiten diren ekimenetan ere –jaialdiak, herri curriculuma, irakurketa saioak...–. Horregatik ez dute ulertzen nola utz dezaketen eskola proiektu horiek aurrera eramateko baliabide barik: "Beti esaten dute kalitatezko hezkuntza baten aldeko eskubidea dugula; horrelako proiektuak babestu eta indartu egin beharko lukete, baina, guztiz kontrakoa egiten ari dira: ahuldu eta baliabide barik utzi eskola", dio Jone Txintxurreta gurasoak.

Hezkuntza sailaren erantzuna egunotan jasoko dute; izan ere, eskolan lanean hasi behar dute datorren ikasturteari begira. Gurasoek adierazi dute erantzuna kontrakoa izan arren, eurek borrokan jarraituko dutela euren eskaerekin.

Udalaren elkartasuna 

Udalak ere bat egin du gurasoen kezkarekin, herri txikietan "eskola motorra" dela adieraziz. Hezkuntza sailari eskatu diote Aramaioko egoera berraztertu dezatela: "Horrelako herri txikia izanda eskola oso garrantzitsua da eta eskolak bere baliabideak izan behar ditu eta indartsu egon behar da. Gelak elkartu edo ez, guk hori ez dugu baloratuko. Hezkuntza sailari eskatu dioguna da kontuan hartzeko lekuan lekuko errealitatea, ratio eta lege zurrunez gain", dio Lierni Altuna alkateak.

Hezkuntza sailak dioena

Hezkuntza sailarekin harremanetan jarrita, azaldu dute eskola batek duen matrikulazioaren arabera osatzen dituztela eskola horretako irakasleak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak