Bizente Goikoetxea abesbatzak bi kanta abestuko ditu: Bizente Goikoetxearen omenezkoa bat eta Salve Regina bestea. Azken hori Goikoetxearen obra da.
Herritar askok parte hartuko dute ekitaldian. Manex Agirrek bertsotan abestuko du Goikoetxearen bizitza; emanaldian Larraitz Arriolabengoa piano-jolearen laguntza izango du. Ondoren, Lierni Altuna alkateak eta Igone Martinez de Luna Aldundiko kultura, euskara eta kirola diputatuak hitz batzuk esango dituzte.
Plakaren irekiera
Goikoetxearen omenez egindako eskultura garbitu egin dute. Bihar zabalduko dute herritar guztiek ikus dezaten. Gainera, plaka bat jarriko diote oinean; Lorenzo Askasibarrek zabalduko du plaka. Askasibar elgetarra Goikoetxearen eskultura egin zuen artista da –1954ean egin zuen–. "Nor izan zen Goikoetxea, noiz jaio zen, ze lekutan... hori guztia jarriko du plakan", azaldu du Cristina Etxenausia kultura zinegotziak. Etxenausia pozik dago Askasibar inaugurazioan egongo delako: "24 urterekin egin zuen eskultura; egun, Gasteizen bizi da Askasibar", dio, eta gaineratu du "eskultura konpontzen lagundu digu, sudurra apurtuta zeukan-eta". Ondoren, aurreskua dantzatuko diote eskultoreari eta opari bat emango diote.
Hiru abesbatzen emanaldia
Azkeneko zatia abesbatzen txanda izango da. Elai gazte abesbatzak hiru abesti abestuko ditu; Papargorri eskolaniak bi abesti; eta, Bizente Goikoetxea Abesbatzak, Elai Gazte Abesbatzak eta Papargorri eskolaniak elkarrekin Goikoetxearen Karmengo ama abestuko dute. Ondoren luncha egongo da.
Urte osoko egitaraua
Biharko ekitaldiarekin urte osoko egitaraua inauguratuko dute. Hurrengo ospakizuna ekainaren 18an izango da: Araba Abesbatzak eta Camerata Gasteizek kontzertua eskainiko dute parrokian.