Txirritola euskara elkarteak antolatutako hitano ikastaroaren bueltan hamahiru lagun elkartu ziren, atzo, martitzena, Aramaion. Gaztetxoak batzuk, helduak besteak, gehienak euskaldun zaharrak eta guztiak ikasteko gogotsu. Txipi Ormaetxea irakasle arrasatearrarekin dabiltza ikasten. Teoriaren berri jaso dute lehenengo saioan, arauak ondo ezagutzeko, eta gaur praktikan jarriko dute ikasitako hori.
Aramaioko sustraiak dituen Ormaetxeak onartu du galtzen dabilela hika berba egiteko joera, eta horren atzean hainbat arrazoi daudela, beste batzuen artean fama txarra, irakaskuntzan eta euskaltegietan erakutsi ez izana.
Aramaioko hikan jardun ahal izateko asmoarekin elkartu dira herritarrak. Askok etxean entzun izan dute, baina errespetu kontuak tarteko gurasoekin sekulan ez dute egin berba. Gazteen artean jarduteko oso aproposa dela uste du Ormaetxeak, baina erabili egin behar dela ondo egiteko. Hain zuzen, zaila den fama du hitanoak eta Ormaetxeak onartu du ez dela samurra, batez ere erabiltzen ez bada.
Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak
Ez da Euskararen Nazioarteko Egunari begira egingo duten kontu bakarra. Ekitaldiok antolatzeko, gainera, aurten Euskararen Jarraipen Batzordea osatu dute eta hor elkartu dira Udalarekin eta Txirritolarekin batera, herriko hainbat eragile eta norbanako. Guztien artean osatu dute egitaraua: ginkana haur eta helduendako; egubakoitzean, Amama filmaren emanaldia; eta zapatuan, herri lasterketa eta Aukeran dantza taldearen emanaldia.
Ekitaldi nagusia, ostera, abenduaren 3an egingo dute. Orduan banatuko dituzte euskal ginkanako sariak; Sastiñan izango da, 18:00etan.