Mari Karmen Garrido: "Ikasgaiak teknologia berrien bitartez eskainiko ditugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko ira. 24a, 11:37

Hezkuntza departamentuak bultzatutako Sare_hezkuntza gelan proiektuan parte hartuko du Aramaioko eskolak aurtengo ikasturtean. Helburua ikasleak teknologia berrietan trebatzea izango da.

Zer da Sare_hezkuntza gelan?
Ikasgaiak teknologia berrien bitartez eskaintzea da asmoa. Eskola 2.0-rekin hasi ginen, L.H. 5. eta 6. mailako ikasleekin. Hezkuntza departamentuan pauso berri bat eman nahi dute ikasgaiak on line edo internet bitartez eskaintzeko. Aurten zabaldu da lehen aldiz aukera hau ikastetxeetara. Horretarako, Aramaioko eskolak irakasle bat lan jardun erdian izango du, eta 6.300 euroko diru-laguntza jasoko dugu material kurrikularra erosi eta irakasle eta gurasoen formaziorako. Gainera, konektibitatea hobetzeko aukera ere badago.

Ze irakasgai eskainiko dituzue on line?
Ikasleen ezagutza eta tutoreen ezagutzea baloratuta, pentsatu dugu 5. mailan dagoen tutorea egokia izan daitekeela. Bi ikasturtetarako konpromisoa hartu dugu proiektuarekin aurrera egiteko. Gutxienez hiru arlo eman behar dira on line. Guk lau aukeratu ditugu: ingelesa, euskara eta gaztelania, eta ingurunearen ezagutza. Inplikatuta egongo dira bi irakasle eta ni neu koordinatzaile moduan.

Ikasgaiak on line egiteak zer esan nahi du?
Betiko moduan, ikasleak eta irakasleak eskolara etorriko dira. Momentuz eskaintza mistoa izango da: paperezko liburua eta liburu digitala izango ditugu. Horretarako, lizentzia guztiak erosi ditugu. Nolabait esatearren, ordenagailuan liburuak izango dituzte. Baina ez da hori bakarrik; gaur egun ere, liburuei baino proiektuei ematen diegu garrantzia. Aurrerantzean oinarri bat izango dute liburu digitalean, baina proiektuak ere egingo dituzte. Proiektuak beti dauka azken helburu bat eta horra zuzenduta doaz egiten diren ariketak. Jolasak, bilaketak, elkarrekin lanak egitea bakoitzak bere etxetik... on line izateak hori ahalbideratzen du.

Helburua teknologia berrietan trebatzea da?
Hemendik aurrera hori izango da euren tresna, papera eta boligrafoa baino gehiago. Baina, ez ditugu teknologietan trebatu behar bakarrik, horiek zela erabili ere erakutsi behar diegu. Hemen ditugun ikasleak –12 urtera artekoak dira–, arrisku handiegirik ez dute, oraindik ez daudelako sare sozialetan oso sartuta; baina gero eta azkarrago sartzen dira. Balio horietan trebatzea ere gure lana da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak