Nola hartu duzu alkategai izendapena?
Aurretik EAJko zinegotzi izan nintzen Aramaion 1983-1987ko agintaldian. Eta oraingoan politikan sartu egin nautela esan daiteke. Jende gazteak konpromisorik ez hartzeko hainbat arrazoi dauzka: lana, seme-alabak eta beste hainbat kontu. Azkenean, norbait konprometitu egin behar da, eta, egia esan, oraingoan dezente kosta zait, baina animatu egin naiz. Guztia asimilatzen ari naiz orain.
Zer eskaini diezaiokezu zure herriari?
Uste dut Udala lehenengotik hurbila eta laguntzailea izan behar dela. Askotan pentsatzen dut Udala enpresa bat bezala dela: zuzendaritza-kontseilu bat izango luke, zinegotziak; bestetik, langileak egongo lirateke; eta jabeak, herritarrak izango lirateke. Uste dut nolabait egunero justifikatu egin behar dela zuk egiten duzun edo zuk egiten ez duzun lana. Horrekin ez dut esan nahi Udala lantegi bat izan behar denik, baina kontzeptu bezala hori egin behar dela uste dut. Gastuak kontrolatu egin behar dira.
Zure herriko zer aldatuko zenuke bihar bertan, zure esku balego?
Ni saiatuko nintzateke gardena izaten eta herritarren beharrei erantzuten.
Zure lagunek zer esan zizuten alkategai izango zinela esan zenienean?
Askok eta askok esan didate saltsa ederrean sartu naizela. Baina animatu egin naute, nahiz eta jakin gogorra izango dela. Prest nago lau urteko ahalegina egiteko.
Baduzu kuadrillan zu beste busti den lagunik?
Bai, gehienak nire aldekoak dira. Baina beti esan izan dut ez duela merezi lagunik galtzea politikako eztabaidengatik.
Eta, etxean? Zer esan dizute etxean?
Etxekoen laguntasuna eta adostasuna behar-beharrezkoa dela uste dut. Nire konpromisoa da, baina azkenean etxekoek ere sufrituko dute. Akordio batera iritsi gara eta animoak eman didate familiakoek.
Etxekorik izan duzu inoiz udal politikan edo bestelako ardura politikoetan?
Koinatu bat daukat iheslari.
Aholku emailea zara ala aholkuak ematea duzu nahiago?
Bietatik. Nire izateko moduagatik gehiago naiz aholkuak jasotzekoa. Hala ere, aholkuren batzuk eskatzen baldin badizkidate, ematen ditut. Askotan eskatu gabe ere ematen ditut, baina izateko eragatik gehiago naiz aholkuak jasotzekoa.
Duela bi urte eta erdi aurre jubilatu zinen. Zer egiten duzu denbora librean?
Nahiz eta jubilatuta egon, uste dut beharrezkoa dela diziplina bat mantentzea eta ariketa fisikoa eta mentala egunero egitea. Egunero egiten dut ariketa fisikoa ordu eta erdi inguru Arrasateko gimnasio batean. Historia ere asko gustatzen zait eta astean lau egunetan Arrasateko helduen eskolara joaten naiz historia saioak jasotzera. Goienagusiko hitzaldietara ere joaten naiz. Asteburuetan, berriz, mendira joatea ere asko gustatzen zait. Irakurtzea ere asko gustatzen zait eta musika apur bat entzutea ere atsegin dut.
Norekin izaten duzu nahiago aisialdia igaro?
Domekero joaten naiz mendira eta emaztearekin eta 8-10 pertsonako lagun kuadrillarekin joaten naiz. Aurreko asteburuan Aloñako igoera ikusten izan ginen, esaterako.
Elkarrizketara iPad-a eskuetan hartuta etorri zara. Teknologia berriak ere gogoko dituzu?
Bai, teknologiekin egunera egoten saiatzen naiz.
Komunikabideak jarraitzen dituzu?
Bai. Irratia asko entzuten dut, batez ere autoan noanean. Telebista ere ikusten dut, baina larregi izan barik; etxean 21:00ak arte normalean ez dugu telebista pizten, ez daukagu ohiturarik. Eta egunkariei dagokienez, egunean bi, hiru edo lau irakurtzea gustatzen zait. Esan behar dut egunkariak nahiago ditudala paperean irakurri, Internet bitartez irakurtzea baino.
Batxilergoa Frantzian ikasi zenuen. Trebea zara hizkuntzekin?
Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez ondo moldatzen naiz. Ingelesez ere nahiko ondo dakit eta aleman apur-apur bat badakit.
Komunikazioan lan egindakoa zara, ezta?
Bai, nahiz eta administrazio ikasketak egin, Fagor Etxetresnaken komunikazioan lan egiten nuen. Bezeroekin eta prentsarekin harremanetan egoten nintzen, nazioarteko komunikazioa ere eramaten nuen eta webgunetan buru-belarri sartuta ibiltzen nintzen.
Eta sare sozialetan, zer moduz?
Facebook eta Twitter erabiltzen ditut, bakoitzak bere gauzak ditu. Facebook lagunarterako erabiltzen dut eta informazioa berehala jasotzeko, berriz, Twitter.
Eta asko erabiltzen duzu WhatsApp?
Komunikatzeko egokiena horixe dela uste dut, eta bai, asko erabiltzen dut.
Hauteskundeetako emaitzak eramango zaitu zure ardurak berrantolatzera?
Espero dut ezetz. Ziur nire bizia aldatuko duela, baina ez nuke nahi orain egiten ditudan gauza batzuk galtzea. Historiako ikasketen erritmoa jaitsi egin beharko nuke, baina horren bitartez egindako harremanak galtzea ez litzaidake gustatuko. Goienagusiko kontuekin ere jarraituko dut, seguru.