Alkategaiak ezagutzen

Lierni Altuna Ugarte: "Ez dut ikusten nire burua parlamentuan, oilar borrokak entzuten"

Marijo Deogracias 2015ko api. 20a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | "Amaren abizena falta duzu hor" esan digu Aramaioko EHBilduren zerrendaburuak elkarrizketarako datuak galdetuta; beraz, Lierni Altuna Ugarte (Aramaio, 1982). Irakasle izateari utzi eta LAB sindikatuan egin ditu azkeneko 6 urtean hezkuntza gaietan lanean; tartean antropologia ikasteketak ere amaitu ditu Filosofian lizentziatutako aramaioarrak.

Nolatan animatu zara zerrendaburu izatera?

Tira, orain ere banago udaletxean eta tokatu izan zait, alkateorde naizen aldetik, alkate lanetan jardutea. Beraz, alde batetik, ikusita asko egin daitekeela herriaren alde, ikusita zein den herriaren tamaina eta jasa hasitako gauzekin segitu nahi dudala eta, bestetik, koordinatzaile lanak suposatzen duen erronka pertsonalak animatuta onartu du lehenengo joatea.

Inorekin kontsultatu duzu, hala ere, azkeneko baietza eman aurretik?

Lagunekin eta etxekoekin aritu naiz, baina azkenean erabakia neurea da. Buelta batzuk eman dizkiot, baina badakit zer den, ez ehuneko ehunean, baina pentsatzen dut horretara jarrita orain baino gehiago egiterik badagoela ze, lanean eta udaletxean egonda denbora gutxiago izaten da udal kontuetarako.

Lana eta alkatetza uztagarriak izango dituzu?

Egia esateko ez dakit alkate ateraz gero horretara bakarrik dedikatuko naizen; horretan ari gara. Zati bat argi dago horretara izango litzatekeela, ze gaur egun lanaldi osoan ari naiz nere lanean eta nire denbora librean nabil zinegotzi.

Zer esan dizute etxean?

Neure erabakia da, beraz, errespetatu dute.

Politikagintza etxetik datorkizu?

Aramaion politikaz berba egitea gauza potoloa da. Bai, egia da alderdi baten zerrendan goazela, baina hemen baldosak, auzua… era horretako gaiak dira interesekuak.

Tira, baina hori ere politika da.

Bai, baina esan nahi dudana da nire burua esaterako parlamentuan ez dudala ikusten, oilar borrokak entzuten. Maila horretan zirkoa asko dago!

Plenoetan ez da egoten horrelako eztabaida mailarik?

Ez, ez. Hemen alde-kontra galdetu eta aurrera. Igual dirua soberan izango bagenu diskusio gehiago izango genituzke, baina dagoenarekin moldatu behar garenez…

Aholku emailea zara ala hartzekoa gehiago?

Ematen ditut aholkuak bai, baina hartzeko beti prest; gauzak kontsultatzea gustatzen zait, ikuspegi desberdinak izateko eta inguru ona daukat gainera horretarako.

Burugogorra ez zara, hortaz?

Gauza batzukin bai! Gauza bat gure badut lortu horretara jartzen naiz.

Itsutu barik, ala?

Bai, bai, jakina.

Herrigintzaz gain, zer duzu gustuko? Zer egiten duzu zure denbora librean?

Bidaiatzea gustatzen zait, mendira joatea, lagunekin egotea… Baina batez ere bidaiatzea dut gustuko eta ahal dudanetan tartetxo bat hartzerik izaten dudanean horren egiten dut, edo mendian ibiltzeko.

Mendian non, hemen ala kanpoan?

Denetik apur bat. Kanpotik nabilenean egun pasea egiteko aprobetxatzen dut; bestela, zorionez, hemen ondoan daukagu mendia, oinez ere etxetik joan daiteke!

Aizu, eta whatsappa zalea ere bazara gero!

Bai, asko erabiltzen dut, bileretan zauden bitartean ere erabili badagoelako kasu egiteko, erraza da erabiltzeko. Taldeetan ere banago, baina soinu barik izaten dut, dei asko ere jasotzen ditudalako.

Eta, sare sozialetan ibiltzen zara?

Twitter besteena irakurtzeko erabiltzen dut, informatzeko gehiago; Facebooken sarriago idazten dut edo gauzak elkarbanatu.

Gainerakoan, komunikabideak segitzen dituzu?

Orokorrean, segitzen dudan informazioa Twitter eta Facebooketik jasotzen dut eta handik sartzen naiz atari digitaletara.

Paperezko egunkariak erabat utzita dituzu?

Asko gustatzen zait paperezko egunkaria, batez ere gosaltzeko. Astean zehar tabernaren baten gosaltzen badut gustatzen zait egunkaria irakurtzea, nire plazer txikietako bat da. Bestela, gosaltzen harrapatu ezean, astirik ez dut izaten egunkariak kontsultatzeko, eguna endredatzen hasten zait berehala.

Lanera kotxez joaten zara, Gasteizera, irratia ala musika entzuten?

Musika, neuk aukeratutako musika. Eguna politxo-politxo hasteko eta altu, gainera.

Zuiako Koadrilako Eskualde Batzarraren presidente izendatu zintuzten 2011n, zinegotzi kargua hartu berritan. Zuia Arabako koadrila bat da, baina Aramaio Debagoienetik gertu bizi da. Busti zaitez: arabarra ala gipuzkoarra?

Ni arabarra, aramaioarra eta arabarra. Esango nuke aramaioar gehienak ez direla sartzen gipuzkoar-arabartasun horretan eta sartzekotan, arabarrak direla esango dutela.

Hala ere, Aramaio ez dago Arabako gainerako herrietatik urrutixeago?

Bai, beno, mendatea daukagu tartean, baina Legutio eta Arrasate antzera dauzkagu autoz; mendateak, akaso, psikologikoki eragingo du, baina tira… Gainera lanean ere Gasteizen ari naiz.

Zuiako koadrilan ondo hartu zaituzte?

Bai, akaso, apur bat satelite…, baina bai azkenean denak herri txikiak dira eta herri izaera nahiko antzekoa daukagu, bakoitzak bere berezitasunak badituen arren.

Horri segika, ze jarraitzen duzu gertuagotik Alavesa ala Eibar, ala Reala?

Ez naiz oso futbolzalea. Futboleko datu asko geratzen zaizkit memorian, ez dakit zergatik, baina ez naiz zalea. Talderen batekoa naizela esatekotan, beti Athleticekoa naizela esango dut, baina beste barik; euskal taldeek irabazi dezatela, eta aurrera; ez naiz zalea.

Nola moldatzen zara gaztelaniaz?

Ondo. Euskaldun bati gaztelaniaz egitea zaila egiten zait, baina orokorrean ondo; lanean ere tokatu izan zait inoiz erderaz egitea. Akaso, noizean behin, boronokeriaren bat edo…

Emakumea eta gaztea, batek baino gehiagok esango zizun hori, baina era positiboan ala negatiboan esan dizute?

Era negatiboan ez, alderantziz bai; hau da, emakume gutxi ari direla politikan; Oletako andra bat badago beti aritzen zaidana “emakumeok atera behar dugu hau aurrera!”. Hala ere, orokorretan, esango nuke gizartean dagoen zerbait dela; hau da, ama bat haur jaio berriekin politikagintzan ikustea kritikatu egiten da, baina aita ere izango zen norbait, ezta? Matxismo asko dago politikan. Foro zehatz batzuetan, emakumea izatea eta gainera gaztea, hiru aldiz esan behar izaten duzu gauza iguala; aldiz, gizon batek, bere ile zuriekin, behin esatearekin nahiko izaten da. Gizarte osoaren arazoa da.

Aizu, opariren bat egin behar izanez gero, liburua ala musika?

Segun eta. Oso erlatibista naiz A edo B aukeratzeko. Liburu gehiago oparitu ditut; hortaz, oparia jasoko duen horri gustatuko zaion libururen bat; nire gustukoak niretzako erosten ditut! Baina kunplitzeko ez dut oparirik egiten. Urtebetetzetarako opariak oso jenden gutxiri egiten dizkiot; baina ezagunen baten gustuko zerbait ikusten badut oparitu egiten diot, baina ez urteroko opari moduan.

Ea, ba, busti zaitez. 2011n Bilduk 538 boto eta Aramaioko Independenteek 177; 2007an, EAE-ANVk 427 eta EAk 142. 2015ean EHBilduk?

Ez dakit, oso txarra naiz horretan eta ez zait gustatzen etorkizunkerietan ibiltzea. Programa ahalik etaonena egiten saiatu gara eta jende nahikok parte hartu du, ahaleginduko gara hori transmititzen eta izan dadila izan beharrekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak