Gogotsu alkate izendatzen bazaituzte erronkari aurre egiteko?
Gogotsu bai, beharko... Erronka pertsonal handia da, erantzukizun handia. Lau urte azkar pasatzen dira eta alde horretatik baditut gogoak herri batzarrean zein azken legealdiaren barruan egiteke geratu diren proiektuei heltzeko.
Nolakoa izan da zure hautagaitza aurkezteko prozesua?
Herri batzarretan landu da guztia. Proposamena egin zidaten eta buelta batzuk eman ostean baiezkoa eman nuen; batzarraren ostean bozketa egin zen, ohiko prozeduran, eta ni irten nintzen.
Herri programa lantzen ari zarete. Zerrendak osatu dituzue?
Horretan ari gara. Zenbait arlo landu dira dagoeneko baina beste batzuk falta dira oraindik. Horregatik goizegi da programaren berri emateko, herri batzarrean lanean dihardugu-eta.
Azken lau urteotan udaletxean egoteak lagunduko dizula uste duzu?
Lau urteotako esperientziak erakutsi dit ez dela lan erraza. Udal txikia gara eta ez ditugu baliabide asko, baina ziur nago, gauza asko ondo egin badira ere, asko dagoela hobetzeko. Lan metodologia sistematizatu eta ordenatu behar dela uste dut; helburu dugun herria zein izan behar den erabaki behar dugu eta ondoren, helburu horretara pixkanaka-pixkanaka heltzeko bitartekoak jarri.
Zer egin da ondo azken lau urteotan? Eta zer hobetu daiteke?
Herriko elkarteekin harremana estutu dugula esango nuke eta gizarte zein kultura arloetan ekimen politak abiatu direla. Bestalde, esango nuke hankamotz geratu garela zergak eta tasak errepasatzerako orduan. Zergak berrikusi egin behar dira, gai horri astindu bat eman behar diogu. Era berean, oso sakabanatuta ditugun auzoei garrantzia eman zaien arren eta behar batzuei erantzun zaien arren, badira auzoetako beste hainbat eskaera betetzeke geratu direnak.