Herri burujabearen bidean, urratsak emanez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mar. 7a, 14:46

Herriko ekoizleen jakien azoka, abian dauden proiektuen aurkezpenak hitzaldi eta bideoen bidez, eta Biomasa nola egiten den bertatik bertara erakutsi dute Bizente Goikoetxea plazan eta Sastiña ermitan. Herrikoez gainera, kanpotik etorritakoek ere aprobetxatu dute, bertako jakiekin egindako pintxoak dastatu eta erosketa poltsa betetzeko.

Energiaren, elikaduraren eta turismo eta asialdiaren alorrean herri burujabearen bidean Aramaion egin diren urratsak eta aurrera begira dituzten asmoak erakutsi dituzte gaur, Titipi-Ttapa... Pausoz pauso, Aramaio burujabetzarantz! jardunaldian.

Idoia Beitia, Ingurumen zinegotziak kontatu du, herritaren aurrean erakutsi gura izan dutela, burujabetzarako "hiru hankak" posible direla: "Biomasa proiektua da burujabetza energetikoari dagokionez erakusgarri nagusia, dagoeneko martxan duguna. Elikadurari dagokionez, Ekonomatoa da egindakoaren adibide garbiena". Herrian bertan ekoitzitako askotariko jakiak eta beste toki batzuetatik ekarritako jaki ekologikoak saltzen dira bertan. Gaur egun 80tik gora bazkide ditu, gehienak herrikoak  nahiz eta ez den derrigorrezko baldintza.

Burujabetza sozio-ekonomikoa da hirugarren hanka, hain zuzen ere, turismoarekin lotutakoa. Amillena elkartekoak eman dituzte alor horretan egindakoen azalpenak: "Berreskuratutako tokiak eta ondarea balioan jarri eta erakustea da asmoa, horretarako, besteak beste, hainbat ibilbide eskainiko ditugu. Orain urte eta erdi inguru sortu genuen taldearen egitura formalizatzea eta bidez-bideko proiektuarekin ekitea dira mahaiaren gainean ditugun asmoak" azaldu du Jone Arriolabengoak, Amillenako kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak