Ramon Ajuria: "Datorren neguan biomasa bidez berotu ahalko dira Ibarrako zenbait etxe, dena ondo bidean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 16a, 11:00

Ramon Ajuria, Santikurtz abadearen plazatxoan.

Burujabetza energetikorako bidean aurrerapausoak "poliki" ematen ari da Udala baina espero dute datorren neguan biomasa errealitate izatea behintzat Ibarrako zonalde baten. Ramon Ajuria alkatearekin egon da Goiena, "proiektu estrategiko" horren gaineko azken urratsen berri jasotzeko. Urtarrilaren 9an modu ofizialean aurkeztu zen duela urtebete Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza hitzarmena. Urtarrilaren 14an jardunaldi teknikoa antolatu zuten herritarrei begira.  

Hurrengo negurako Ibarra auzoan biomasa proiektua errealitate bihur daitekeela uste duzu?

Lehendabizi sentsibilizazio kanpaina bukatu beharko dugu, proiektua modu egokian aztertzeko eta herritarren zalantzak argitzeko. Gainera, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, euren atxikimendua behar-beharrezkoa da. Erakundeek, oro har, apustu indartsua egin dute biomasaren alde eta Aramaion dagoeneko eman dugu lehen urratsa elkar kolaboratzeko. Horren adierazle da lehen hitzarmena gauzatu genuela iaz eta aurrerapausoak ematen ari garela poliki-poliki. Dena ondo bidean, lehen fasearen barruan dauden etxeak –Ibarrako zonalde baten– biomasa bidez berotu ahalko dira datorren neguan.

Hilaren 9an modu ofizialean aurkeztu zuen Jaurlaritzak duela urtebete sinatutako hitzarmena. Zer da hitzarmenak eskaini dizuena?

Hitzarmenaren bitartez babesa lortzeaz gain, momentuan momentuko aholkularitza teknikoa izango dugu. Horrekin batera, datozen hilabeteotan diru-laguntzak gauzatuko direla espero dugu.

Amaitzear da legealdia. Nola baloratzen duzu 2011 ezkero burujabetza energetikorantz egindako bidea?

Aramaioko proiektua Euskal Herri mailan eta estatu mailan erreferentetzat hartzen da eta horren adibide da komunikabideetan izan duen oihartzuna, gaian interesatu direnen aldetik herrian jaso ditugun bisitak…. Legealdi hasieran proiektua abiatuta zegoen eta lekukoa hartu genuen, nolabait ulertu genuelako herriak horren alde egin nahi zuela. Guretako estrategikoa izan da eta burujabetza energetikoa lortzeko eredu bihurtu gara. Herritarren erantzuna oso positiboa izan da; zalantzak eta kezkak egon dira eta seguru egongo direla aurrerantzean ere, edozein aldaketak suposatzen dituen kezkak dira-eta. Baina gertu egongo gara edozein momentutan horiek argitzeko, guztiok elkarrekin aurrera egin dezagun.

Atxikimendu bila ari zarete oraindik. Zenbat beharko dira proiektua bideragarria izan dadin?

Gure helburua da gutxieneko atxikimenduak lortzea; 270 behar dira gutxi gorabehera. Hala ere, segun eta zenbat lortzen ditugun proiektua egokitzeko aukera egongo da, eta datu berriak aztertuta, bideragarria izango den ala ez baloratuko dugu. Herritarrek ez dute obrarik egin beharko etxean, hodi bat eta interakumulatzaile deritzon aparailua jarri beharko dute bakarrik. Gainera, ez daude derrigortuta urteroko errebisioak egitera, orain arteko galdarekin gertatzen den bezala.

Zertarako antolatu zenuten eguazteneko jardunaldi teknikoa?

Jardunaldiaren helburua zen biomasaren proiektua barrutik ezagutzea eta bilera irekia zenez, herritarren zalantzak argitzeko erabili genuen. Horregatik gonbidatu genituen proiektua diseinatu duena eta Jaurlaritzaren erakundeetako adituak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak