Era berean, hainbat eragile izan dira Aramaion, proiektua bertatik bertara ezagutzen: "Interes handia piztu du proiektuak, batez ere ikuspuntu integral bat jasotzen duelako. Hau da, eraikin publikoez gain etxebizitza pribatuak ere hornituko lituzke proiektuak, eta integraltasun horrek piztu du bereziki interesa", dio Udaleko ingurumen teknikari eta Biomasa batzordeko koordinatzaile Jon Toñak.
Basoaren kudeaketa aztertzen
Proiektua herrian aurkeztu aurretik biomasa batzordea sortu zuten duela zenbait hilabete. Udaleko ingurumen arloko teknikariek, ordezkari politikoek eta gaian interes berezia duten zenbait herritarrek osatzen dute.
Astero elkartzen dira eta helburu nagusia, orain bertan, basoaren kudeaketa zehaztea da. Besteak beste, herritarren beharra asetzeko egur kantitatearen gaineko kalkuluak egiten ari dira abiapuntu bat izateko. Izan ere, Udalak nahiko lukeena baino astiroago, baina plana aurrera doa: "Gure eskuetan ez dauden faktoreengatik doa nahi baino astiroago. Batetik, atxikimendu kopuru minimo bat behar du proiektuak bideragarria izan dadin eta, bestetik, kanpoko diru-laguntzen menpe dago. Argi dago kostu ekonomiko bat duela eta Udalak kanpoko erakundeen laguntza behar duela", dio Toñak.
Ondo azaldu beharra
Herritarren inplikazioa bilatzeko laster abiatuko dute sentsibilizazio kanpaina, helburu argi batekin: "Atxikimendua eskatu aurretik jendeari esan behar zaio zertan datzan proiektuak, zer den biomasa, zer suposatuko dion partikularrari, ze onura ekarriko dituen gauzatzen bada. Hortaz, herritarrarengana jo behar dugu informazioa modu zuzen baten emateko". Eskuorriak banatu, hitzaldiak eman eta eraskuketak jarriko dituzte, besteak beste.