Elkartearen helburua da, funtsean, antzinako fruta-arbolaren galera ekiditea eta haien landaketa sustatzea. Bada, proiektuaren ezaugarriak zabaltzeko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko, hitzaldi bat antolatu dute Aramaion. Hitzaldiaren izenburua da Zuiako eskualdean fruta-arbola ondarearen kontserbazioa eta berreskurapena, eta maiatzaren 8an egingo da kultura etxean (19:30). Euskal Herriko Hazien Sarea elkarteko kolaboratzaile Edurne Ortun izango da hizlaria; honela azaldu digu proiektua: "Galdu diren fruta arbolak berreskuratu gura ditugu eta horretarako baserritarrekin egon behar gara, euren ortuetan zer duten edo zer izan duten ikusteko. Hitzaldia abiapuntua izango da, batez ere, herriko baserritarrekin lehen kontaktua egiteko".
Baserritarrak protagonista
Hizlariak adierazi duenez, laguntza eske etorriko dira: "Hitzaldiko protagonista ez naiz ni edo Hazien Sarea izango, baserritarrak izango dira". Maiatzaren 8ko saioan fruta arbolen gaineko errepaso bat egingo dute eta gero, besteak beste, azalduko dute zergatik den horren garrantzitsua fruta arbolak berreskuratzea.Amaitzeko, duela urtebete egindako jardunaldi bateko esperientzia partekatuko dute.
Nafarroako unibertsitatearekin
Behin proiektua azalduta, baserriz baserri joango dira antzinako fruta arbolak dauden jakiteko: "Baserritarren dakite ondoen zer duten", dio Ortunek. Nafarroako unibertsitatearekin duten hitzarmen bat aprobetxatuko dute ondare hori kontserbatu eta berreskuratzeko: "Hainbat lagin eramango ditugu eta bertan esango digute ekoizpen aldetik egokiak diren edo ez. Horretarako, baina, denbora beharko dugu", adierazi du Ortunek. Hazikoak aspalditik daude harremanetan Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkarteko ordezkariekin; duela bi edo hiru urte, adibidez, "ikerketa lan txiki" batzuk egin zituzten: "Orduan lan asko zegoela ikusi genuen eta horregatik erabaki dugu aurten ganoraz heltzea proiektuari".
Baserrietan, ezagutza "handia"
Arabako Sagar eta Sagardogileen elkartearendako oso proiektu interesgarria da, elkarteko kide Juanjo Peciñak adierazi duenez: "Araban frutikultura bultzatzeko garrantzitsua izango da proiektua, gure kasuan bereziki sagarrondoei begira. Beti pentsatu izan dugu lurralde egokia dela sagarraren eta sagardoaren kultura zabaldu eta handitzeko eta horretarako makina bat ikerketa egin beharko ditugu, lan handia dago egiteko. Pena handia da gurean sagardoa egiteko sagarra kanpotik ekarri beharra".
Era berean, Peciñak dioenez, Arabako baserrietan fruta arbolen gaineko ezagutza "handia" dago: "Hori ezin dugu galdu".