Aspalditik antolatzen den ekimena da Zuhaitz Eguna –eskolatik adierazi dutenez, izango dira 20 urte gutxienez– eta ordutik urtero errepikatzen da: "Haurrak oso gustura ibiltzen dira, asko gozatzen dute. Urtero errepikatzearen arrazoi nagusia da ikasleek erakusten duten interesa", adierazi du Udaleko Tokiko Agenda 21eko teknikari Jon Toñak.
Ekimenaren helburua "argia" da, Toñaren arabera: "Haur eta gaztetxoei ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin lotutako sentsibilizazioa lantzeko ekintza da, haurrendako oso polita eta atsegina dena".
Helduenek, pagoak eta haginak
Aurten ere bi egunetan ospatuko dute Zuhaitz Eguna, bi taldetan banatuta. Zuhaitzak landatzen lehenak Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira. Apirilaren 3an joango dira Kurtzeta gaineko zelaitxo batera eta bertan, bi txandatan banatuta, 75 pago eta 25 hagin landatuko dituzte. Autobusez igoko dira Kurtzeta aldera eta antolatzaileek goiz osorako irteera izango dela aurreratu dute. Eguraldi txarra eginez gero egun bat atzeratuko dute landaketa, apirilaren 4ra.
Gazteenek, gladioloak
Haur Hezkuntzako ikasleek, bestalde, apirilaren 7an egingo dituzte landaketak. Ibarran bertan landatuko dute eta aurten, Udaletik jakinarazi dutenez, beste leku baten egitea pentsatzen ari dira: "Iaz elizaren atzealdean landatu zuten baina ez zen lorerik irten. Ez dakigu zehazki zergatik, baina seguruenik eguzki faltagatik izango zen. Beste leku aproposago baten bila ari gara aurten, iazkoa gertatu ez dadin", dio Toñak. Eguraldi txarra egiten badu apirilaren 8an izango da landaketa.
Lehen Hezkuntzako ikasleen landaketak non egin Koldo Ajuria basozainak aukeratu du; aurten ere San Adrian baselizaren inguruan egingo dira. Ikasleek eskolan zuhaitzen ezaugarriak modu berezian lantzen dituzte eta klasean ikasitakoa praktikara eramateko aukera izaten dute gero.
Mokadutxoa Udalaren eskutik
Zuhaitzak landatu ostean eta goizarekin amaitzeko, ikasle guztiek mokadutxoa egingo dute; txokolatea eta fruta jateko aukera izango dute. Hamaiketakoa Udalak jarriko du, urtero egiten duen moduan.