Arantza Ozaeta eta Dibina Arriolabengoak egindako Aramaioko ipuin eta kondairen bilketa aprobetxatu du Udalak liburuxka berezia osatzeko. 2011n omenaldia egin zioten ahozko ondare hori helarazten lagundu zuten protagonistei.
Umeek ere irakur dezaten
Ozaeta eta Arriolabengoaz gain, Belen Morenok –irudigilea–, Miel A. Elustondok, Jabier Kaltzakortak, Txipi Ormaetxeak –edizioa– eta Manex Agirrek –zuzentzailea– hartu dute parte. Liburuak 24x24 zentimetroko neurria izango du. Marrazkiak handiak izango dira eta kolore ugari erabili dira diseinuan. Hitzak handiak, argiak eta kaligrafia borobilekoak erabili dira, umeak gai izan daitezen erraz irakurtzeko.
Ipuinak euskalkian idatzi dira, Aramaion erabiltzen den euskara ahalik eta gehien mantenduz. Baina, hainbat hartzailerendako ulergarria izan dadin, ipuinak euskara batuan ere idatzi dira. Hala, lehentasunezko lekua Aramaioko euskarak izango du eta ondoan itzulpena egongo da.
Protagonistak aurkezpenean
Aurkezpena otsailean egingo da, nahiz eta oraindik ez duten data zehaztu. Kultura etxean egiteko asmoa dago eta ume zein gurasoei zuzenduta egongo da. Bertan egongo dira hainbat protagonista eta gogora ekarriko dute eurek umetan entzundako ipuin eta bestelako kontakizunak, bitxikeriak, abestiak...