Idoia Beitia: "Konposta egiteko dagoen konpromisoa neurtu gura dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 4a, 14:19

Aramaioko Udaleko Ingurumen eta Nekazaritza batzordeko arduradun politikoa da Idoia Beitia (Aramaio, 1986). Ibarreko gainerako herriekin alderatuz,indar berezia duen saila da; Beitiarekin egin dugu berba sail horretan Udalak dituen lehentasunez. 

Zeintzuk dira lehentasunezko gaiak Ingurumen eta Nekazaritza batzordean?
Gure proiektu garrantzitsuenetarikoa Mendiolako Ikerketa eta Berrikuntza zentroa da. Horrez aparte, kontzientziaziorako zenbait proiektu ere baditugu esku artean, eta baita Aramaixo Basarri Barri egitasmoaren kudeaketa plana eguneratzea ere.

Zein puntutan dago Mendiolako zentroa orain bertan?
Beheko solairua amaituta dago eta goikoa, berriz, beste fase baten amaitzea espero da. Behean, ikasturte berrirako Aramaioko Sagardogileen Elkartea hasi zen lanean irailaren 28an; iaz ere aritu ziren lanean. Kontserbak egiteko Irikiñ taldea ere sartzeko zain dago. Udalarena da eraikina eta makinaria taldeek eurek jartzen dute; gainera, jarduera proiektuari deritzon tramite guztiak egiteke daude.

Konposta egiten ikasteko tailerra egin zen atzo. Zergatik?
Konpostaren gaiarekin interesa dagoela adierazten duten hainbat eskaera jaso ditugu udaletxean. Arrasaten eta inguruetan halako proiektuak martxan daudenez, jendearen interesa piztu du gaiak. Egia da, aldi berean, aurreko legealdian  proiektu pilotu bat abiarazi zela eta ikastaro bat eman zela. Horren ondorioz, auzo konposta egiteko gune bat jarri zen eliza ondoko parkean, baina ez zuen ondo funtzionatu.
Orain erabaki dugu hitzaldi eta tailerrak antolatzea ikusteko benetan jendeak nolako interesa duen eta zeintzuk diren kezka nagusiak. Hau da, Udaletik ezer martxan jarri aurretik konposta egiteko dagoen konpromisoa neurtu gura dugu. Aramaio ez da Arrasate, hemen ortu asko daude eta egoera oso ezberdina da. Uztailean egin genuen lehen ikastaroa eta jende gutxi agertu arren bertaratu zirenek, konposta egiten dutenak gehienak, esan ziguten oso interesgarria izan zela. Era berean, aprobetxatu gura dugu Ikerketarako eta Berrikuntzarako zentroan sagar-zukua egiten ari direla zer egin daitekeen aztertzeko.

Bailaran hiri hondakinak eztabaida iturri dira. Aramaion aurreikusten duzue aldaketarik?
Oraingoz ez dugu gai hori landu. Gai konplexua da eta oraindik ez dugu hiri hondakinak biltzeko sistema aldatzeko planik egin.

Gazteria batzordean ere bazaude. Neurri aipagarririk ba al dago?
Osokoan onartu behar dira gazte lokalaren ordenantza berriak. Orain arte, gazte lokalaren kudeaketak Udalaren eta gazteen arteko hitzarmen baten bidez funtzionatu izan du. Gertatu izan da gazteekin arauak adostea baina jende berria sartzen zenean arau horiek ez betetzea. Hala, arazoen aurrean hitzarmenak ez zuen larregi laguntzen eta horregatik erabaki dugu lokala beste era batera kudeatzea. Adunako Udalak gazte lokala kudeatzeko duen ordenantzaren berri izan genuen eta hori erabiliko dugu oinarri moduan. Legeak ezartzen duena da, barne araudi batekin lagunduta. Esaterako, lokala ondo zaindu behar dela dio; erabilera desegokiaren ondorioz ematen diren apurketak gazteek ordaindu beharko dituzte, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak