Omenaldia Aramaioko argindar sarearen alde egindako lanagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 22a, 20:15

Aramaioko Alaiak erretiratuen elkarteak energiaren gaineko hitzaldi interesgarria antolatu zuen atzo kultur etxean. Batetik, Aramaioko argindar sarea izan zuten berbagai eta sare hori posible egin zuten udal korporazioko kideak omendu zituzten. Bestetik, Ramon Ajuria egungo alkateak biomasa proiektuaren gaineko argibideak eman zituen.

Urteko ekintzen barruan, Aramaioko erretiratuendako interesgarriak izan daitezkeen hitzaldi informatiboak antolatzen ditu Alaiak elkarteak. Atzokoan energiaren gaia landu zuten, Aramaion pil-pilean dagoen gaia.

Hasteko, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresaren gainean jardun zuten. Izan ere, antolatzaileen arabera, herritarrek badakite jakin enpresa bat dagoela energia eskaintzen diena baina, era berean, gehienendako ezezaguna da. 1988a ezkero Aramaioko energia elektrikoaren horniduraren kudeaketaz arduratzen den Xabier Arriolabengoak hainbat xehetasun eman zituen.

"Euren lanagatik ez balitz ez litzateke posible izango"

Gainera, omenaldia egin zieten 1980ko hamarkadaren hasieran argindar sare hori Aramaion ezartzea posible egin zuten orduko udal korporazioko kideei. Arriolabengoak euren lana goraipatu zuen: Aramaioko Argindar Banatzailea ez litzateke existituko euren konpromisoa barik. Euren lanagatik ez balitz ez litzateke posible izango".

Garai hartan egin zuten lana kontatu digu Arriolabengoak, Julian Unzuetaren lana nabarmenduz: "Diputazioan mugitu zen guztia. Euren lortu dirua eta sarea martxan jartzea".

Unzuetarekin ere egin genuen berba eta orduko poste elektrikoen egoeraz egin zigun berba. Ederto gogoratzen ditu sare berria osatu aurretiko garaiak: "Posteak jausi egiten ziren eta alkate nintzela, ni neu igotzen nintzen poste horiek konpontzera. Orduan ez nuen inolako soldatarik, lan horiengatik ez nuen ezer ez kobratzen".

Bestalde, Ramon Ajuriak biomasaren gaineko hitzaldia eskaini zuen. Azaldu zuenez, proiektua nahiko aurreratuta dago eta hainbat erakundek onartu dute proiektu aitzindari moduan. Horien artean daude Eusko Jaurlaritza, Arabako Diputazioa eta Energiaren Euskal Erakundea. Aurretik ere argindar sarearen gainean ere egin zuen berba: "Orain unerik egokiena da enpresarendako, etorkizun opartsua dugu aurretik. Bide batez, omenaldi xume bat egin gura izan diegu hau guztia posible egin zutenei". 

Antolatzaileak, pozik

Amaieran, bertaratutakoek zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Alaiak elkartekoak pozik geratu dira hitzaldia oso interesgarria izan zelako eta hizlarien maila ona agerian geratu zelako. Adierazi dutenez, pena bakarra izan zen jorratutako gaiak hain interesgarriak eta garrantzitsuak izanda jende gazterik ez zela egon apenas. Guztira 30 bat lagun elkartu ziren, ia guztiak erretiratuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak