Zapia soinean jarri eta kalera! Asteburu ederraz gozatzeko ordua iritsi da

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 16a

Atzo eguerdian, Herriko Plazan, haurren ikuskizunari begira. NAGORE OSA

Gaur hasi dira Antzuolako jaiak, haurren ikuskizun eta suziri-jaurtiketarekin. Arratsaldean jai-giroan murgiltzeari ekingo diote herritarrek. Txosnak ireki eta jarraian iritsiko da plazako dantzen eta bandera altxatzearen momentua.

Antzuolarrak murgilduta daude jadanik herriko festa nagusietan. Gaur goizean, eguena, jarri dute martxan egitaraua, ohiko osagaiekin: udal ordezkariak Eguneko Zentrora bertaratu dira hango erabiltzaileei jaietako zapia janztera, eta udalekuetako haurrek ikuskizun berezia egin dute plazan, aurtengo aisialdi-esperientzia bukatzeko eta jaietako txinparta pizteko.Gainera, udaletxeko balkoira igo dira bi haur, txupina botatzera eta pregoia irakurtzera. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Pausoka guraso elkartearen eskutik. 

Dantzak, plazara

Arratsalderako hartuko du herriguneak jaien itxura guztia. Txistulari eta trikitilarien kalejiraren, buruhandien eta txosnen irekieraren ostean, udal ordezkariek jendaurrean jarriko diete zapia adineko bi herritarri –Asensio Azkarate eta Bittori Lezeta– eta iaztik hona jaio diren hamar haurtxoei. 

Ostean, Ikurrin eta Soka dantza enblematikoak egingo dituzte Herriko Plazan Oinarin dantza taldeko kideek eta udal ordezkariek. Ikurrina altxatzeaz Toheed Ghulam Kouser arduratuko da aurten, Olatz Lezeta alkateak adierazi bezala, "Antzuola eta Antzuolako euskara Euskal Herri osora eta mundura zabaldu dituelako". 

Gauerdiko hontzaren jaitsierak aurreratuko du luze joko duela gauak, Eingo taldearen kalejira eta txosnetako kontzertu sorpresa tarteko. 

Jai seguruen alde

Bestalde, ostiraleko goiza ondo aprobetxatuko dutenak asko izango dira. Umeak irrikaz joango dira goizez eta arratsaldez Herriko Plazan egokituta egongo den ur-jolasez betetako parkera. Hasiera batean Kalebarrenen egitekoa zen herri bazkaria eskolako patioan egingo dute azkenean, eguraldiaren kapritxoei begira egotea saiheste aldera. 11:00etan egin dute hitzordua bazkarira apuntatu direnekin, mahaiak eta aulkiak muntatzen lagun dezaten. 

Osterantzean, festetako ekitaldiak alaitasunez eta normaltasun osoz garatzea opa dute bai Udalak eta bai Txosna Batzordeak ere. Horren harira, txosnakideek iragarri dute protokoloa landu dutela hilabeteotan, eraso arrazista, matxista, lgtbiq+fobikoak edo bestelakorik gertatuz gero: "Halakorik bizi izatekotan, joan txosnagunean egongo den peto moredun pertsonarengana".

Horrez gain, Udalak herria zaintzearen eta errekara hondakinik ez botatzearen garrantziaz ohartarazi du. 

Eguneko Zentroko erabiltzailean, udal ordezkariek ipinitako zapia soinean. 

Gaueko autobusak

Gipuzkoako Foru Aldundiak indartu egin du ostiral eta zapatu gauean joan-etorriak egiteko Lurraldebusen autobus zerbitzua. Gauerditik goizeko bostetara, ordubetero egongo da Bergaratik eta Zumarragatik festa-girora batzeko aukera, eta itzultzeko berdin, Antzuolatik Bergarara azken autobusa 06:25ean irtengo da. 

Elgetarrek ere izango dute Antzuolako jaietara joateko autobus zerbitzua, 00:20etan; Elgetara itzultzeko, berriz, 02:55ean, 05:25ean eta 06:25ean hartu ahal izango dute. 

Eguneko autobus zerbitzuko lehen linea 07:10ean iritsiko Antzuolara zapatuan, eta 09:10ean domekan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak