Pako Legorburu Gabilondo hil da, demokrazia garaiko lehen alkatea Antzuolan, 1979tik 1983ra, 92 urte zituela. 11 zinegotzik osatu zuten orduko hartan udalbatzarra: EAJkoak sei ziren, hiru ezker abertzaleakoak (AEA), eta ordezkari bana zuten alderdi sozialistak (PSE) eta LKIk (Liga Komunista Iraultzailea). 2010eko abenduan Goienan eginiko elkarrizketa batean zionenez, Legorburu ez zen EAJko afiliatua, baina alderdikoen eta lagunen animoekin hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen. Haren hitzetan, "ilusioz" heldu ziren Udalera, "lan egiteko gogoz", eta lehen agintaldi hark, "politikari zegokionez, herria batu" egin zuela zioen. "Eztabaidak izaten genituen, adibidez, aurrekontuak egiterakoan, baina elkarrekin joaten ginen ondoren kafea hartzera. Denekin tratu ona izan nuen, ez zegoen orain dagoen partidismo hori", azaldu zuen 2013ko beste elkarrizketa batean.
Legorburuk, ordea, ez zuen jardun bakartzat alkatetza, Goizperren ere lanean jarraitu baitzuen lau urteko epe horretan. Kooperatiba horren fundatzaileetako bat izan zen 1959an beste hamar lagunekin batera, herrian lana sortzeko asmoz, eta gerente ere izan zen urte luzez. Kamioien direkzioa fabrikatzen hasi ziren lehendabizi, baina, ondoren, ihinztagailuak egiteko ideia ekarri zuten Burdeosko nekazaritza feria batetik, egun munduko hamaika txokotan ikus daitezkeen Matabi markakoak; horren bultzatzaileetako bat izan zen Legorburu, Goizperrek argitaratutako 50 urte elkarlanean liburuan jasotzen denez.